argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko zesta-punta liga antolatu dute, Iparraldeko eta Hegoaldeko lehiaketak bateratuta
  • Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko lehiaketak batu egingo dira Jai Alai League sortuz.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 02a
Lau frontoietako ordezkariak, Jai Alai Leaguearen aurkezpenean (Argazkia: kazeta.eus)

Euskal Herri osoa kontuan hartuko duen zesta-puntako lehen lehiaketa antolatu dute "Jai Alai Leaguea" izenpean. Liga honek Gernikako Winter Series, Donibane Lohizuneko Nazioarteko Torneoak, Biarritzeko Urrezko Xisterak eta Paueko Kopak txapelketak elkartuko ditu. Urte osoko egutegia izango du, puntuazio eta ranking bateratuarekin, Naiz-ek jakinarazi duenez. Lau txapelketez gain, rankingeko pilotari onenek Jai Alai Leagueren azken fasea jokatuko dute urte amaieran, Hego Euskal Herrian.

Orain arte Bidasoaren bi aldeak banatzen zituen bi kirol sistema ezberdinetan aritu dira lehian zesta-puntalariak, nahiz eta kirolariak berberak ziren. 2021. urtean Summer League-a sortu zuten Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko frontoiek, hiruren artean zirkuitu bakarra osatuz, eta 2023. denboralditik aurrera Gernikako Winter Series liga ere gehituko zaie. Azken hau une honetan ari da jokatzen, eta Jai Alai Leaguerako puntuatzen ari da jada. 

Winter Serieseko finalerdien egunean aurkeztu dute akordioa lau frontoietako ordezkariek: Gaizka Muniategi eta Zigor Etxeberria (Eraman Jai Alai), Frederic Cader eta Michel Billac (Donibane Lohizune), Lilou Echeverria (Biarritz) eta Jean Marc Olharanek (Pau). Antolatzaileen hitzetan, "pauso historikoa" da liga bateratua sortu izana.