35 urte ditu proiektu honek eta gaur egun bost barnetegitan urtero ikastetxeetako 3.000 ikasle hartzen dituzte, lau eguneko egonaldian euskararen erabilera bermatzeko. Bertako langileek ezagutzera eman dutenez, proiektu osoa ikusten dute kolokan: "Euskal Girotze Barnetegietako irakasleak malgutasuna erakutsi dugu datorren ikasturtera begira, eta proiektua mantentzeko edozer egiteko prest egon gara memento oro. Hezkuntza Sailari proposamen bat baino gehiago helarazi diogu eta erantzuna ezezkoa izan da guztietan. Nola ulertzen da?".
Euskal Girotze Barnetegietako langileek bidalitako oharrean azaltzen dute COVID-19ak euskaran izan duen galerarekin kezkatuta daudela irakasle, guraso eta gainerako gizarteko kideak, baina justu une honetan Eusko Jaurlaritzak "bertan behera utzi nahi duela" 35 urteko ibilbidea duen proiektua. Gaur egun era honetako bost barnetegi daude: Elgoibarren, Hondarribian, Seguran, Lemoizen eta Barrian.
Berria-k argitaratu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak "printzipioz" ikasturte hasierarako hartu du barnetegi hauek ez egiteko erabakia, "eta gero ikusi egin beharko" dute. COVID-19aren segurtasun neurriak jarri dituzte horretarako arrazoi gisa. Langileek ARGIAra bidalitako oharrean, ordea, proiektua bera ikusten dute kolokan.
Langileek bidalitako oharrean barnetegi hauek ikasleentzat duten balioa nabarmendu dute, jakinik ikasle askorentzat ikastetxea dela euskaraz aritzeko duten leku bakarra eta konfinamenduarekin hori ere galdu egin dutela. Paul Bilbao Euskararen Kontseiluko kidearen hitzak ekarri dituzte gogora: "Milaka umek ez du euskararekin harremanik izan hilabetetan; asko kezkatzen gaitu”. Eta baita Mari Luz Esteban antropologoarenak ere: "Gorputza desagertzen bada, emozioa desagertzen bada, euskararen kalterako izango da. Euskararen biziraupena ez da pantailekin lotuta egongo den zerbait".
Honela definitu dute barnetegietako dinamika: "Hitz egiten ezin da ikasi hitz egin gabe… Eskolatik atera eta, barnetegian, aparteko etxe eta giro batean, bestelako giro batean murgiltzeko, barneratzeko, euskaraz eta euskaratik… Barnetegietan jolastu egiten dugu, … eta sentitu, gozatu, hitz egin, komunikatu, abestu, motibatu, berba egin, dantzan, mozorrotu, lagundu, mintzatu, hausnartu, mendian ibili, natura ezagutu, harritu, alaitu, irribarre egin, maitatu, saiatu, hizketan jardun, errespetatu, bizi... Horiek denak dira barnetegietako aditzak.”
Barnetegi proiektu honen etorkizunean erabakimenik baduten arduradun politikoek lehendik egin dituzten adierazpenak gogora ekarri dituzte langileek, prentsara bidalitako oharrean:
Bakartxo Tejeria, EAJren Gipuzkoako zerrendaburua (2020-06-28.): "Euskaldun guztiok erabilerara jauzi egitea izan behar dugu helburu estrategikotzat". "Gure programan, gure hizkuntzaren aldeko ekimen zehatzak proposatzen ditugu".
Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntzako sailburua: “Euskara modu naturalean normalizatzeko akordioa eta elkar lana beste biderik ez dago”.