Pluja Seca (Euri Lehorra) dokumentala euskaraz estreinatu da. Doan ikus daiteke Dokumentalak.com helbidean. TV3 telebista kataluniarrak eta Baleukok egin dute filma. Orain arte ez da lan hau euskaraz ikusterik izan, eta ARGIAk euskaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Dokumental honetan azaltzen da zenbait bitartekarik Hegoafrika eta Irlanda Iparraldeko bake prozesuetan egindako lana. Nazioarte mailan eta bakegintzan esperientzia eta izen handiko jendea agertzen da dokumentalean, Euskal Herriko eragile politikoekin batera: John Hume, William de Klerk, Alec Reid, Roelf Meyer, Brian Currin, Harold Good, Jonathan Powell, Alex Maskey, Peter Robinson, Pierre Hazan, Denish Haughey, Charles Villavicencio, Brandon Hamber, Mohammed Baba, Aubrey Lekwane, Paula Leyden, Juan Jose Ibarretxe, Rufi Etxeberria, Leopoldo Barreda, José Antonio Pastor, Jone Goirizelaia eta Paul Rios.
Euskal gatazkaz eta honen konponbideaz duten iritzia azaltzen dute aurretik aipatu eragileek.
ARGIA.com-ek ia hiru urte daramatza sarean Euskal Herriko eta euskal intereseko dokumentalak zintzilikatzen. Dokumentalak.com domeinutik zuzenean sar daiteke erabiltzailea eta ostiralero lan berri bat topatuko du. Guztira 74 lan ezberdin daude ikusgai, denak euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.