argia.eus
INPRIMATU
Euskal Filologia arlo izateari uzteko aukera “ulertezina” dela salatu du EHUk
  • Euskal Filologiaren arloko irakasle, ikertzaile, katedradunek eta Euskaltzaindiak alegazio bateratu bat bidali dute. Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministerioak unibertsitateen dekretu proiektua onartuko balu, Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari utziko lioke, eta beste bi eremuren barruan kokatu beharko litzateke: Filologia Hispaniko eta Klasikoen arloan, edo Hizkuntza Modernoen eta haien Literaturen arloan. 

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 05
Gasteizko campuseko letren fakultatea. Argazkia: EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak alegazio bat igorri dio Unibertsitate Ministerioari, errege dekretuaren proiektuan Euskal Filologia ezagutza "eremu zehatz" moduan txerta dezaten eskatzeko, Berriak jaso duenez. Adierazi du Euskal Filologia arlo izateari uzteko aukera "ulertezina eta justifikaziorik gabekoa"  dela, "ez duelako aitortzen ondo ezarritako eta bereizitako errealitate zientifiko eta akademiko bat".

Era berean, EHUk berretsi du Euskal Filologiak ezagutza arlo izaten jarraitu beharko lukeela: "Unibertsitateko irakasleen lanpostuen sailkapenean eta deskribapenean, Euskal Filologiari dagozkion aitortza zientifikoa eta ikusgarritasuna eman behar zaizkio, Filologia Hispanikoari eta Klasikoari eman zaion berezitasunaren moduan".

Eneko Zuloaga Euskal Filologiako EHUko irakasleak adierazi du Euskal Filologiak espezifikotasuna galduko balu, autonomia ere galduko lukeela. Era berean, nabarmendu du Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailak ez duela ikusten aldaketa justifikatzeko arrazoi zientifikorik, akademikorik eta objektiborik. 

"Behin jakintza arloa disolbatu egiten bada edo arlo zabalago baten menpe jartzen bada, horrek ate bat irekitzen duela etorkizun batean graduak ere eskema horren arabera planteatzeko, beste unibertsitateren batean egiten duten bezala", azpimarratu du Zuloagak Berriaren arabera.

EHUk eta Euskaltzaindiak Zuloagarekin batera sinatu duten alegazioan, ezagutza arloen murrizketa "irregularra eta gehiegizkoa" dela salatu dute. Gainera, adierazi dute "ezinbestekoa" dela Euskal Filologia ezagutza eremu moduan mantentzea "etorkizuneko profesionalek euskal hizkuntzaren, kulturaren eta literaturan ikasketan eta ezagutzan sakondu ahal izan dezaten".