argia.eus
INPRIMATU
Euskal Estatuaren alde egin dute Dima eta Bakaikuko biztanle gehienek
  • Dagoeneko 38 herritan burutu ditu galdeketak Gure Esku Dago dinamikak, eta 2017rako beste 111 iragarri ditu.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 28a
(Arg: Gure Esku Dago Dima)

Gure Esku Dago dinamikak sustatuta, erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketak burutu dituzte azaroaren 27an Diman (Bizkaia) eta Bakaikun (Nafarroa). Bizkaitarrek “Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?” galderari erantzun diote. Nafarrek, aldiz, “Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?” galderari.

Parte hartzea %63,7koa izan da bataz beste. Dimako kasuan, %63,4koa izan da, 765 pertsonek eman dute botoa, eta horien %95,2k egin dute Euskal Estatu burujabearen alde. Bakaikuri dagokionez, parte hartzea %65,3koa izan da, 194 bozka bildu dituzte guztira, eta horien %80,4 Euskal Herri independentearen aldekoa izan da.  

“Demokraziarantz pauso bat gehiago” eman dutela adierazi du Gure Esku Dago dinamikak. Galdeketak sustatzen ari da herriz herri. 2014ko apirilean burutu zuten lehenengo aldiz Etxarrin, eta 2014ko azaroan Arrankudiagan. 2016ko ekainean, Euskal Herriko beste 34 herritan egin ziren galdeketak, eta Dima eta Bakaikun 2016ko azaroan. Horren harira, “herriz herri etorkizuna irudikatuko” dutela azaldu dute Gure Esku Dago dinamikatik. Izan ere, 2017rako beste 111 galdeketa daude iragarrita.

Ahotsa.inforen ondorengo bideoan ikus liteke Bakaikun egunean zehar izandako giroa.