argia.eus
INPRIMATU
Euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko oinarriak aurkeztu ditu LABek
  • Erronka bikoitza planteatu du LAB sindikatuak: hezkuntza sistema burujabea eratzea Euskal Herri osorako, eta sistema horren eredua euskal eskola publiko komunitarioa izatea. Hori lortzeko, hainbat gogoeta eta neurri zehatz plazaratzen dituen txostena kaleratu du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko urriaren 23a

Batetik, Euskal Errepublika Konfederalean sinesten du LABek. Bide horretan, hezkuntza burujabetza eskuratzeko lanean gaurdanik hasi behar dela dio, hezkuntza eskumen guztiak lortzeko. Udalen sarea, hiru hezkuntza administrazio eta hiruek partekatutako hezkuntza sistema edo eremu komuna aurreikusten dute.

Bestetik, argi du Euskal Herrirako nahi duen hezkuntza eredua: eskola publiko komunitarioa, udal titularitatea luketen herri eta auzo eskola autogestionatutan ardaztuta, eta administrazioen kudeaketa zentralizatuaren ordez, egitura deszentralizatua duena.

Publikoaren eta itunpekoen arteko konfluentzia

Egun ditugun sare publiko, itunpeko eta pribatuaren aldean, “Euskal Herrirako publikotasun eredu komunitario/komunal/autogestionatu/herritarra” hobeste dute, diru publikoz osoki finantzatua “eta ondorioz doakoa”. Alegia, “egungo eskola publikoaren eta bokazio publiko/komunitarioa duten eskola kontzertatuen arteko konfluentzia estrategikoa” defendatzen dute.

Pedagogikoki, hiru ardatz nabarmentzen ditu txostenak: hezkuntza integrala (jaiotzetik eta bizitza osorako; hezkuntza formala, ez-formala eta informala kontuan hartuta), askatzailea (feminismoa, sozialismoa, internazionalismoa eta ekologismoa oinarri), eta burujabea (euskal ikasle/herritar burujabeak helburu).

Datozen lau urteetarako neurriak

Neurri zehatzak ere proposatzen dituzte. Hala nola, udalen funtzioa indartzea, hezkuntzan Barne Produktu Gordinaren %6 inbertitzea, ratioak txikitzea, ikastetxe guztietan murgiltze eredua garatzea, Euskal Curriculuma lehenestea, ikastetxeen autonomia handitzea, irakasleria egonkortzea, eta bultzatzea hezkidetza, parte-hartzea, gardentasuna, laikotasuna, doakotasuna eta aniztasuna (ekitatea).

Irakurri txostena osorik.