Ikasle Abertzaleek (IA) VII. Kongresua itxi dute Berriozarren, ikasturte hasieratik martxan zen barne-prozesuari amaiera emanez.
"Kongresua bere osotasunean” aurrekari gisa identifikatu du IAk. Zentzu horretan, adierazi dute “Errainu” ponentzia izango dela Euskal Eskola Nazionalaren norabidean "argituko duen errainua". Langile belaunaldi berrientzat "burgesiak prestaturiko etorkizun beltz eta ilunean itxaropenaren argi errainu" izan nahi du ponentzia horrek, ildo politiko sozialista iraultzailearen berme, Gedar agerkarian irakurri daitekeenez: "Prozesu sozialista orokorra elikatzeko bidean, langileriak jasaten duen zapalkuntza bakoitzaren aurka 'aurrerapausoak ematea' beharrezkoa izango dela aurreikusi dute. Halaber, Errainu ponentziako marko teoriko eta ideologikoaren baitan ezarri dituzte euskal langileriaren baitan jasaten diren genero eta nazio zapalkuntzaren auziak".
Antolakuntza eredua birplanteatzeko beharra ere mahaigaineratu da, batez ere "aurreko ziklo politikoaren amaiera nabarmena" kontutan harturik. Ordura arteko ikuspegi politikoek “muga operatibo nabariekin” topo egin zutenez, “ziklo berri baten unea” heldu dela adostu dute.
Bestetik, azken borroken emaitzen balorazio positiboa egin dute Kongresu amaierako ekitaldian: autodefentsa sareak, Herri Unibertsitatea, espazio propioen eskurapena eta Unibertsitateko Indar Batasuna aipatu dituzte, besteren artean.
- IAren kongresuaren amaiera ekitaldiaz informazio gehiago eta argazki galeria, Gedar langile kazetaren webgunean.