Independentistak sareak Hispanitatearen egunean Espainiako Estatuaren “ukazioa eta inposizioa” salatzeko manifestazioa egin zuen Bilbon Gora Euskal Errepublika! lemapean.
Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak hartu zuen hitza ekitaldiaren amaieran: “Estatu Español eta Frantsesaren inposizioak jasaten baditugu ere, ezin gara Espainiari eta Frantziari begira geratu”. Ariznabarretaren hitzetan, iritsi da “gehiengo sozial independentista bat” sortzeko unea.
Norabide berean hitz egin zuen Maribi Ugarteburu EH Bilduko parlamentariak igandean kazetariei egindako adierazpenetan, eta esan zuen independentzia “konkistatu beharreko behar bat” dela.
Itsaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak berriz, Hispanitatearen eguna desfile militar batekin ospatu izana salatu eta gaineratu zuen bere alderdiak ez duela hispanitateren eguna ospatzen, ez dutelako “beraiena” sentitzen.
Katalunia eta Eskozia gogoan
Manifestazio amaierako hitzetan presente izan ziren Kataluniako eta Eskoziako prozesuak eta katalanei independentzia lortzeko bidean aurrera egiteko deia luzatu zien.
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Hispanitate egunaren harira egindako adierazpenetan esan zuen guardia zibilak “herri libreago bat” eraiki duela eta haien lana “ezinbestekoa” izan dela.