Euren lan jarduera 4.0 industriara, "serious games" delakoetara, errealitate birtualera edota soluzio interkatiboetara bideratua duten euskal enpresek kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Aldiz, badirudi entretenimendua ardatz dutenek baikorrago azaltzeko motiboak dauzkatela, Julen Zaballa adituak azaldu duenez.
Batetik, Virtualware eta Binary Soul bezalako enpresetako ordezkarien hitzak ekarri ditu Zaballak bere webgunera. Kezka agertzen dute, batez ere, ez dakitelako bizi dugun egoera zenbat luzatuko den eta honek guztiak zein ondorio ekarriko dituen. "Ikusten ari gara nola proiektu batzuk atzeratzen ari diren, eta salmenta-epeak ohi baino gehiago luzatzen ari direla, eta horrek kezkatu egiten gaitu", dio Virtualware-ko Unai Extremok. "Ziurgabetasuna uda sasoira begira hel daiteke", gehitu du Binary Soul-eko Santiago Córdobak: "Urteko bigarren sei-hilekoari begira negoziatzen ari garen proiektu berriak kaltetuak izan daitezke".
Iñaki Huarte, e-learning eta joko serioen sektoreko beste enpresa bateko (OuiPlay nafarra) kidea ezkorrago agertu da: "Egoera hau kaosa izaten ari da. Kontratu eta proiektu batzuk geldirik ditugu. Zaila da planak egitea, baita epe laburrera ere. Aurten %40-50 gutxiago irabaztea aurreikusten dugu".
Entretenimenduzkoetan, deskargak gora
Bigarren artikulu batean, entretenimenduaren sektoreaz mintzo da Zaballa. Bideojokoen deskarga kopurua %25 inguru hazi dela dio, Irungo Keplerians estudioko kideek berretsi duten moduan: "Uneotan daukagun deskarga kopurua uda partean izan ohi dugunaren parekoa da, %25-35 handiagoa. Momentu onean harrapatu gaitu, berrogeialdia hastearekin bat merkaturatu genuelako Ice Screm 3 bideojoko berria.
Bilboko Tellmewow estudioko kide Isabel Liebanaren hitzetan, etxean konfinaturik dagoen jendeak denbora gehiago du aisialdiari eskaintzeko, eta horregatik hazi da mugikorreterako jokoen erabilera. Azken bi asteetan, %80 hazi dira estudio horren jokoen deskargak.