argia.eus
INPRIMATU
Euskadi Saria bere osotasunean emango dio Jaurlaritzak Sarrionandiari
  • Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren gutuna jaso du Eusko Jaurlaritzak eta bertan adierazi dio Joseba Sarrionandiak ez duela auzirik irekita. Ondorioz, Sarrionandiak Euskadi Sariari dagozkion 18.000 euroak jasoko ditu, Moroak gara behelaino artean? lanarengatik.

2011ko azaroaren 23a

Blanca Urgellen sailak diru hori atxiki zuen sariduna Sarrionandia zela jakiterakoan “justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean”. Auzitegi Nazionaleko gutunaren berri jakin bezain laster, Sarrionandiaren familiak gogor kritikatu du Jaurlaritzaren jarrera eta idazlearen “erabilpen politikoa” egin duela salatu du.

Idazlearen familiaren abokatuak, Jon Artatxok, Jaurlaritzaren jarrera “arbitrarioa” salatu du, inolako oinarri juridikorik gabe hartu zuelako dirurik ez emateko erabakia. Bestalde, Sarrionandiaren senideek azken hilabete hauek “zoramena” izan direla azaldu dute eta barkamena eskatzeko exijitu diote Blanca Urgelli. Kultura sailburuak agerraldia du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarrean gaiari buruz egin dizkioten hainbat galdera erantzuteko.

Euskadi Literatura Sarien banaketa gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan, Gasteizko Europa Jauregian.