Abenduaren 21 goizean hiru orduko bilera egin dute Europar Batasuneko 27 herrialdetako aholkulari eta teknikariek, munduko 40 herrialdek baino gehiagok Erresuma Baturako hegaldiak etenda dituztenean, argudiatzen dutenez, han agertutako coronavirus zepa berria dela-eta. EFE agentziak zabaldu duenez, Europako Batzordearen bileran adostu dute Schegen eremuaren barruko mugak irekita mantentzea.
Herrialdeek Europako Batzordeari ikuspegi koordinatua eta jarraibideak eskatu dizkiote Erresuma Batuarekiko gaia kudeatzeko, baina ez dute horrelakorik jaso.
Azken egunetan, Belgika, Italia, Alemania, Frantzia, Herbehereek eta Austriak bertan behera utzi dituzte Erresuma Batuarekin lotzen zituzten hegaldiak eta trenak; Irlandak murrizketak ezarriko ditu eta Greziak zazpi eguneko berrogeialdia eskatuko die bertatik iristen diren guztiei.
Espainiako Gobernuak Portugalekoarekin batera erabaki du abenduaren 22tik aurrera Erresuma Batuko herritarrak sartzea debekatzea, Espainiako herritartasunik ez badute edo Espainiako Estatuan bizi ez badira behintzat.
Europako kide diren hainbat estatuk (Herbehereak, Belgika eta Italia) andui berriaren infekzioak atzeman dituztela iragarri dute, eta Erresuma Batuak Gibraltarren ere identifikatu dutela esan du.
Brexit-aren ostean, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko akordioa lortzeko epea abenduaren 11n bukatu zen eta oraindik ere bi aldeek azken orduko akordioa lortzen saiatzen jarraitzen dute.