argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasuneko buruek lortu dute adostea susperraldirako ituna
  • Bost eguneko negoziazioen ondoren, Europar Batasuneko buruzagiek lortu dute pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko itun handia adostea. Finantza paketearen osagaiak dira batetik 750.000 milioi euro ekonomia suspertzeko planetarako eta bestetik bilioi bat euro datozen zazpi urteetako aurrekontuetarako. Europako Batzordea merkatuetan masiboki zorpetuko da, Europar Batasuna –mundu osoa bezala– jasaten ari den aurrekaririk gabeko krisiari aurre egiteko. Krisi honek batik bat Europako hegoaldeko herrialdeak jipoitu ditu, bereziki Espainia eta Italia.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 21
Europar Batasunako liderrak bart planaren testua eztabaidatzen, tartean Angela Merkel, Emmanuel Macron eta Pedro Sanchez. (Argazkia: Europar Batasuna)

Goizaldeko bost eta erdietan sinatu dute txalo zaparrada batez hainbeste kostata lortutako adostasuna: Bruselako Europa eraikineko eraikineko bilera gelan itun handia onartu berria zuten. "Egun historikoa Europarentzat", idatzi du Emmanuel Macronek Twitterren. "Lortu dugu! Akordio ona une egokian", esan du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, "Europako magiak funtzionatzen du". Pedro Sanchez Espainiako presidenteak: "Akordio handia da bai Espainiarentzat eta bai Europarentzat, gaur EBren historiako orririk distiratsuenetako bat idatzi da". Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak: "Europak erakutsi du egoera honetan jarduteko gai dela", gaineratu du Angela Merkel kantzilerrak.

Uneotan hedabide nagusiek 750.000 milioi euro biltzen dituen adostasun honetatik azpimarratzen dituzten osagaiak honakoak dira: batetik, 390.000 milioi euro herrialde onuradunek itzuli beharko ez dituztenak, zuzeneko laguntzak, lehendik zorpetuta dauden Espainia bezalako herrialdeei beren ekonomiak suspertzeko eskainiko zaizkienak; eta bestetik, 360.000 milioi gehiago kreditutatan.

Zehaztasunetan sartuta, krisiak gogorren erasotuetakoa den Espainiak laguntza horietatik jasoko omen ditu 140.000 milioi euro, 72.700 milioi itzuli beharrik ez diren transferentzietan. Holandako presio iraunkorrak ez du, antza, beto eskubidea ezartzea lortu, baina bai esku hartzeko mekanismoak zorroztea. Adostasun berriaren arabera, herrialde bakoitzak laguntzak lortzeko aurkeztuko dituen planak gehiengo kualifikatuz onartuko dira Europako Batzordean, baina prozedurari larrialdi-sistema bat gehitu zaio, kasua maila politikora igotzeko aukera, gobernuburuei alegia: "Salbuespen gisa, estatu kide batek edo gehiagok uste badute epeak eta helburuak behar bezala betetzeko desbideratze larriak daudela, Europako Kontseiluko presidenteari eska diezaioke gaia hurrengo Kontseiluan jorratzea", dio onartutako testuak. Kontsultak irauten duen bitartean, funtsak gelditu egingo dira, eta egoera hori gehiegi ez luzatzeko, gehienez ere hiru hilabeteko muga ezarriko da prozesu osorako.

Iparraldeko herrialdeek ere –kalbinistak edo xuhurrak deituek–  beren sariak lortu dituzte itun berrian. Transferentzien kopuru osoa murrizteaz eta laguntzen baldintzak gogortzeaz gain, ordainak ere lortu dituzte, EBko aurrekontuetatik eskuratuko dituzten itzulera gehiago: 50.000 milioi eurotik gora, banatuko direnak Alemania, Holanda, Suedian, Austria eta Danimarkaren artean.