Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeak bozketa garrantzitsua izan du berrikitan: 2015 urterako gehiegizko arrantzarekin amaitzeko eta 2020erako arrain-populazioak berreskuratzeko neurriak hartzea onartu dute.
Arrantza Batzordeak Europar Batasuneko estatu-kideei eskatuko die euren arrantza gaitasuna aztertu eta gehiegikeriekin amaitu dezatela. Era berean, Europako arauak errespetatzen ez dituen estatuari finantza-laguntzarik ez ematea ere erabaki dute.
Arrantza gaien inguruan Europako 170 elkarte biltzen dituen Ocean 2012 koalizioak erabaki pozgarria dela adierazi du eta berandu baino lehen “lege” bihurtu dadila eskatu die Europako Parlamentuko Osoko Bilkurari eta Arrantza ministroei.