argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasunak egin behar die aurre kolonialismoaren inpaktuari eta erreparazioei, zenbait eurodiputaturen ustez
  • Aurkeztutako dokumentuan, eurodiputatu batzuek adierazi dute EBk izan behar duela ereparazio-prozesuen buru, eta neurri berriak eta justizia errestauratiboari buruzko foru iraunkorra eskatu dituzte.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 07a
Europar Parlamentua. // Argazkia: Flickr

Zenbait eurodiputatuk proposatu dute Europar Batasunak beregain hartu behar dituela kolonialismoaren inpaktu iraunkorrari aure egiteko eta esklabotzagatiko erreparazioak, The Guardian hedabideak jaso duenez. Proiektu bat aurkeztu dute Europako Parlamentuan “urteetako etengabeko bidegabekeriak” zuzentzeko. Eurodiputatuek azpimarratu dute EBk ez duela neurri nahikorik hartu ondorioei aurre egiteko, eta justizia errestauratiboari buruzko foro iraunkor bat sortzea eskatu dute.

Erdigunean jarri dute esklabotzaren eta kolonialismoaren ondorioei buruz eztabaidatzeko beharra. Gainera, adierazi dute Europako kolonia zahar askok oraindik jasaten dituztela horren ondorio sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak.

Aurkeztutako dokumentuak justizia klimatikoa lotzen du erreparazioekin, eta adierazten du nazio kolonizatzaileek eragin handiagoa izan dutela klima-aldaketan: “Gehiago eragin dute berotegi-efektuko gasen isurketan, berotze globalean, krisi klimatikoan eta ingurumenaren degradazioan". Hala ere, azpimarratu dute garapen bidean dauden herrialdeak direla kaltetuenak. Europako Batzordeari eskatu diote txosten bat argitaratzea europar kolonialismoaren ondorioak aitortzeko.

Bestalde, adierazi dute europar kolonialismoak “eragin nabarmena” izan duela herrialde garatuen eta garapen bidean daudenen arteko harremanean. Eurodiputatuek nabarmendu dute EBk erreparazio-prozesuen buru izan behar duela, justizia klimatikoa barne, garapen bidean dauden herrialdeak baitira klimaren eta ingurumenaren krisiek gehien kaltetu dituztenak.

Pierrette Herzberger-Fofana eurodiputatuak aurkeztuko dio proiektua Europako Parlamentuko garapen-batzordeari, larrialdiko ebazpen bat izan dadin. Bestalde, adierazi du beharrezkoa dela Europako arrazakeria “sakonago” ulertzea eta testuliburuak berrikustea, zehatzagoa izan dadin esklaboen salerosketari eta kolonialismoari buruzko hezkuntza.