argia.eus
INPRIMATU
Europan egindako bost pelikulatik bakarra zuzendu du emakume batek
  • Europako Ikus-entzunezkoen Behatokiaren txosten batek nabarmentzen duenez, emakumeek egindako filmen kopuruak gora egin duen arren, haiek zuzendutako filmek "poliki egiten dute aurrera oraindik".

ARGIA @argia 2019ko urriaren 23a
Claire Denis zuzendaria 2018ko Donostiako Zinemaldian (argazkia: Pablo Gómez / Zinemaldia).

2017an egindako film europarren bostena baino gutxiago (%19) zuzendu zituen emakume batek, Europako Ikus-entzunezkoen Behatokiak astearte honetan argitaratu duen txosten baten arabera.

Txostenaren helburua "sexuen arteko desoreka kuantifikatzen laguntzea" da, 2003 eta 2017 artean ekoitzitako eta 2003 eta 2018 artean aretoetan erakutsitako 21.054 film europarren errealizadoreen artean. Aldi horretan, ekoitzitako filmen %17k emakume baten sinadura zeraman zuzendaritzan. Guztira, 3.618 emakumezko zuzendari izan ziren.

Txostenak nabarmentzen duenez, emakumezko zuzendarien filmen kopuruak gora egin duen arren, datuek "poliki egiten dute aurrera": 2003an %15 ziren, 2011n %17 eta 2017an, berriz, aipatutako %19.

Behatokiaren estatistiken arabera, emakumezko zuzendarien %49k film bakarra egin zuen 2003 eta 2017 artean eta gizonen %40k. Bi film baino gehiago zuzendu zituzten emakumeen %30ek –gizonezkoen artean %39raino igotzen da–.

Emakume zuzendarien %5ek sei film edo gehiago zuzendu ditu, gizonezkoen kasuan berriz %11k. Batez bestekoa da emakume bakoitzak 1,4 film filmatu zituela aldi horretan eta gizonek berriz 1,6. Emakumeek gehien zuzentzen dutena dokumentalak dira (%25) eta gutxien animaziozko filmak (%11).

2013 eta 2017 artean, emakumezko zuzendari gehien izan zituen estatua Frantzia izan zen (307), ondoren Alemania (212), Espainia (107), Italia (96) eta Herbehereak eta Erresuma Batua (95).

Ehunekotan, emakumeek zuzendutako filmen artean liderra Herehereak dira (95 filmetatik %33), ondoren Suedia (70etik %31), Letonia (34tik %31) eta Norvegia (58tik %29).

Emakumeek zuzendutako filmik arrakastatsuena Beeban Kidronen Bridget Jones: The Edge of Reason (2004) izan zen (20,4 milioi ikusle Europan), eta ondoren Sharon Maguireren Bridget Jones's Baby (2016), 18 milioirekin.

Atzetik daude Phyllida Lloyden The Iron Lady (2011), 6,3 milioirekin, eta Susanna Whiteren Nanny McPhee and the Big Bang (2010), 5,8 milioi ikuslerekin.