argia.eus
INPRIMATU
Europan biztanleko polizia kopururik handiena duen herrialdea da Euskal Herria, Zipreren atzetik
  • 165 biztanleko polizia bat dago Euskal Herrian, Espainiako Polizia, Guardia Zibila, Ertzaintza, Frantziako Polizia, Jendarmeria eta Nafarroako Foruzaingoa kontuan hartuta.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 12a

Europar Batasunak 500 biztanleko polizia bat izatea gomendatzen du, eta Euskal Herrian hiru daude egun. Zehazki, 100.000 biztanleko 607 polizia daude, Europako Estatistika Batzordeko (Eurostat) datuen arabera.

Bertan sartzen dira Espainiako Poliziako 2.000 agente, 4.800 guardia zibil, 8.000 ertzain, Frantziako Poliziako eta Jendarmeriako 2.200 agente eta Nafarroako Foruzaingoako 1.100. Zifra horietatik kanpo daude bi estatuetako armada eta bizkartzainak. Efe agentziaren arabera, liskarren kontrako polizien bi talde daude Iruñean, eta bat Bilbon.   

Zipreren atzetik kokatuta dago Euskal Herria. Izan ere, Eurostat-eko datuek diotenez, Zipre da Europan polizia dentsitaterik handiena duen herrialdea, 100.000 biztanleko 611 poliziarekin. Estatuen rankinean ordea, Espainiako Estatua litzateke bigarren. 100.000 biztanleko 534 polizia ditu, orotara, 249.900 agente. Alemaniako zifra ere antzerakoa da, baina 35 milioi biztanle gehiago dago bertan.

Delitu kopuruari dagokionez, aldiz, batez bestekotik behera dago Espainiako Estatua, 100.000 biztanleko 4.846 deliturekin. Suedia litzateke kasu horretan Europan zifrarik handiena duen herrialdea, zehazki 100.000 biztanleko 14.791 delitu.