Energia eta Aire Garbiko Ikerketa Zentroaren arabera, 6.000 haurren asma kasu berri eta 1,3 milioi laneko absentismo kasu saihestu ditu apirileko nitrogeno dioxido eta PM2.5 partikulen isurien beherakadak. Guztira 11.000 lagunen heriotza ekidin du kutsadura jaisteak.
Nitrogeno dioxidoaren isuriak %40 jaitsi direla kalkulatu du ikerketa zentroak; kutsadura hori ikatza erretzean eta dieselez dabiltzan autoak erabiltzean gauzatzen da. PM2,5 prtikulen isurketa ere jaitsi da, %10 inguru. Espainiako Estatuko kasuan beherakada nabarmenagoa da, nitrogeno dioxidoa %51 jaitsi baita, eta PM2,5 partikulak %19. Datu esanguratsuak dira, izan ere, bi sustantzia horiek Europan 470.000 heriotza eragiten dituztela kalkulatu dute.
Koronabirusa osasunaren mesedetan
Gas kutsagarrien emisioak petrolioa erretzean eta energiaren ekoizpenarekin isurtzen dira. Pandemiak ekarritako geldialdiarekin, ordea, beherakada handia jasan dute sektore horiek eta kutsadurak ere nabarmen egin du behera. Datuen arabera, 6.000 haurren asma kasu, 1.900 krisi asmatiko, 600 jaiotza goiztiar eta 1,3 milioi laneko absentismo kasu ekidin ahal izan dituzte.
Ironikoki, ospitaleak jendez gainezka dauden honetan, pandemiak osasun-zentroetako jende kopurua apaltzen lagundu du. Osasun-sistemak arnasa hartu ahal izan du, kutsadurak eragindako gaixo asko saihestu ahal izan direlako. Errealitate horrek hainbat ikertzaileren hitzei arrazoia eman die, eta kutsadura murrizteak “bizitzaren kalitaterako eta osasun publikoaren ongizaterako ekarriko dituen onurak” azpimarratu dituzte.
Dena den, krisi sanitarioaren egoera dela eta, adituak bat etorri dira kutsaduraren beherakada ez dela “positibotzat” jo behar; baina adierazi dute egoerak argitara atera duela “kutsadurak eragindako heriotza masiboak zeinen normalizatuta dauden”.