argia.eus
INPRIMATU
Europako Parlamentuak sare sozialen diseinu “adiktiboa” arautzea eskatu du
  • Neurri arautzaileak hartzeko eskatu dio parlamentuak txosten batean Europako Batzordeari. Batez ere Instagram, TikTok eta Facebook plataformetan oinarritu da ikerketa.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 13a
Argazkia: PxHere CC0

ElDiariok jaso duenez, sare sozialen diseinu “adiktiboaren” aurkako neurri arautzaileak hartzeko eskatu dio Europako Parlamentuak txosten batean Europako Batzordeari. Neurriok batez ere Instagram, TikTok eta Facebook plataformetan hartzea nahi du, aplikazio horiek haur eta gazteen osasun mentalean izan dezaketen “inpaktu negatiboaren” inguruko kezka dela eta. Erabiltzaileak plataforma digitaletan ahalik eta denbora gehien mantentzea helburu duen “adikzio-diseinuari” aurre egin nahi diote.

Txostenak aldeko 38 boto eta abstentzio bakarra jaso ditu Europako Parlamentuan. "Digitalki ez gogaitzeko eskubidea" proposatzen dio Europako Batzordeari, eta datozen asteetan Osoko Bilkuratik pasatzeko programatuta dago. Europako Batzordea proposamen horiek aztertzen ari da, eta bidezko kontsumo digitalaren araudiaren berrikuspenean txertatzeko asmoa du.

Arauketaren helburu nagusia sare sozialen diseinuan “adikzioa” sor dezaketen eta “estrategikoki diseinatuta” dauden elementu espezifikoak jorratzea da. Proposatutako erregulazioak sare sozialak bideratu nahi ditu “mendekotasun gutxiago” sortzen duen eta “etikoagoa den” diseinu baterantz.

“Adikzioa” sortzen duten elementuak

Diseinu elementu horien artean daude, esarerako, scroll funtzioa, jakinarazpenak eta fake news-ak. Scroll-a, adibidez, edukiak etengabe agertzea ahalbidetzen duen funtzioa da. Erabiltzailea edukiak kontsumitzen jarraitzera bultzatzen du, atsegingarrien zaizkionak erakutsita. Parlamentuak funtzioa mugatzea eskatu du, eta argudiatu du “gardentasun handiagoa” behar dela sare sozialetako algoritmoen funtzionamenduan.

Jakinarazpenei dagokienez, txostenak dio “etengabe mugikorrarekin egoteko beharra” sortzen dutela. Erregulazioak planteatzen du jakinarazpenak defektuz desaktibatuta egotea, erabiltzaileak erabilpenaren gaineko “kontrol handiagoa” izateko. Asmoa da online ingurune “orekatuagoa” eta osasun mentalari “kalte gutxiago” egiten diona sustatzea.

Albiste faltsuak (fake news) sare sozialetan ez zabaltzearen garrantzia nabarmentzen da txostenean. Abuztutik indarrean dagoen Zerbitzu Digitalen Legeak (DSA) plataforma handiei “informazio erantzukizuna” eskatzen die, eta isun handiak jartzen ditu hori urratzen bada. Neurria “desinformazioari aurre egiteko” ezarri dute, “ingurune digital seguruagoa eta etikoagoa” bermatzeko.

Gorputz idealizatuak

Europako Parlamentuak "selfie-aren dismorfia" delakoa jaso du txostenean, sare sozialen ondorio kaltegarri gisa. Parlamentuak adierazi du “perfekzioa bilatzen duten iragazkien erabilerak” antsietatea eta autoestimu baxua dakartzala: “Selfie-aren dismorfia norberaren itxura fisikoaren pertzepzio desitxuratuari dagokio, irudi ukituek eta idealizatuek sare sozialetan duten eraginaren ondorioz”. Hori arautu nahi du batez ere gazteen osasun mentala zaintzeko.