argia.eus
INPRIMATU
Europako Parlamentuak Martxoak 3 elkartearen salaketa aztertuko du
  • Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak tramitera onartu du Martxoak 3 elkarteak aurkezturiko salaketa. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariaren erantzuleen “zigorgabetasunari” aurre egin nahian, eta Espainiako Gobernua entzungor aritu ostean, auzia Europako Parlamentura eramatea erabaki zuen biktima elkarteak. Egun hartan jazotakoaren arduradunak atxilotu eta estraditatzeko eskatzen du, besteak beste.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 24a
1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak 5 langile hil eta ehun inguru zauritu zituen.

Salaketa EAJko Izaskun Bilbao eta EH Bilduko Josu Juaristi europarlamentariek eraman zuten Europako Parlamentura. Bilbaok azaldu du Espainiako “zigorgabetasuna” amaitzea premiazkoa dela.

Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak adierazi du salaketa tramitera onartzea lagungarri izan dakiekeela biktimek “egia, justizia eta erreparazioa” lor dezaten. Europako Parlamentuak auziarekin aurrera jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du Juaristik. “Kontzientziak astindu eta mugiarazten ditu”, dio. 

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak 5 langile hil eta ehun inguru zauritu zituen Gasteizen, Martxoak 3 elkarteak jaso duenez. Aurten, 40 urte beteko dira gertaera hartatik. Urteurrenaren harira jardunaldiak antolatu dituzte datorren astelehen eta astearterako; mahai inguru ugari izango dira Artium Museoan. Justiziak auziari jarririko “oztopo guztiak” salatzeaz aparte, biktimen borrokaren berri ere emango da jardunaldi horietan, Txaskok dioenez.