“Berdeak” taldeak emendakina jarri die Europar Batasuneko aurrekontuei, funts europarrak zezenaren heriotza eragiten duten jardueretara bidera ez daitezen. Parlamentuaren gehiengoa testuaren alde agertu da: 438 diputaturen babesa jaso du, aurkako botoa 199k eman duten bitartean.
Aurrekontua ez da inoiz zuzenean zezenketak diruz laguntzera bideratu, baina sektore horretan dihardutenek NPB Nekazaritzako Politika Bateratuaren diru laguntzak jasotzen dituzte. Horrela, onartu berri den emendakin horrek jasotzen du laguntza horiek ezingo direla animalien hilketara bideratu. “Zezenaren heriotza diruz laguntzeak abere-esplotazioetan dauden animalien babeserako Europako hitzarmena urratzea lekarke”, gaineratzen du.
“Berdeak” taldeko bozeramaile Florent Marcellesiren arabera, zezenketak sustatzen dituen NPBren diru-laguntza 130 milioi eurokoa izatera iritsi da. Zehaztu duenez, diru hori 200 bat abeltzainek jaso dute. Subentzio horiek, dena den, ez dira braustakoan desagertuko, Europako Parlamentuak onarturiko testuak Europako Kontseiluaren berrespena behar baitu aurrera egiteko.
“Berdeak-Equo”ren ekinbideak beste oztopo bat ere gainditu beharko du: hau aplikatu ahal izateko NPBren araudia birmoldatu behar da. Uneon laguntzak lursailen tamainaren arabera ematen dira, bertan zer egiten den kontuan hartu gabe (beti ere sektorearekin loturiko jarduera bat bada). Aldaketa hori gauzatzeko, estatuen oniritzia beharrezko izango du.
Espainiako Gobernuak tauromakia titulua sortu nahi du
Bien bitartean, Espainiako Hezkuntza ministerioak tauromakia Formakuntza Profesionalean txertatzeko aurreproiektua egin du. Tituluak 12 modulu eta 2000 ikastordu izango lituzke, tauromakiaren historia eta zezenketetako teknikak ikasteko. Kataluniako Hezkuntza kontseilari Irene Rigauren arabera, “zentzukoagoa” litzateke dirua ikasleek dituzten oinarrizko beharretara bideratzea , “gazteak banderillero bihurtu beharrean”.