argia.eus
INPRIMATU
Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren itzal bizigabea
  • Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.

Mirene Begiristain Zubillaga 2025eko irailaren 29a

Gaur egun, NPBaren aurrekontua Europar Batasuneko aurrekontuaren %30 ingurukoa da, eta laguntzen kopuru nagusia lur azaleraren arabera banatzen da (are eta azalera gehiago, diru-laguntza gehiago); bai, logika metakorra eta akaparatzailea da. Aspaldian jakina da Europan laguntza zuzenen ia %80a “onuradunen” %20aren poltsikoetara doala; eta ez, baserritarrak ez daude %20 horien artean. 2024an Espainiako Estatuan El Pozo, Mercadona edo Central Lechera Asturianaren korporazioak izan ziren NPBaren onuradun handiak: hiruen artean ia 20 milioi euro jaso zituzten.

2027tik aurrera estatu bakoitzak bere nekazaritza plan estrategikoa garatuko luke. “Sinplifikazioa eta efizientzia” argudio neoliberalekin justifikatzen da proposamena, eta aurrekontuaren %20ko murrizketa, fiskalitatean progresibitate eza eta lan eta ingurumen baldintzak bermatzeko diru-laguntzak jasotzerakoan zeuden “gizarte eta ingurumen baldintzapen” irizpideak ezabatzea dakartza.

Jakina, hau guztia ez dator edozein momentutan. Gerra eta militarizazio testuingurura batu behar ditugu iaz zenbait hiritan ikusi genituen traktoreen gainean –eta itzalean– zeuden interesak. Diskurtso neoliberalak eta eskuin muturrak paper nagusia izan zuten mobilizazioetan –nahiz eta agian ez hainbeste EAEren eta Ipar Euskal Herriaren kasuan–, nekazaririk gabeko landa eremua eta kultura heteropatriarkala inposatu nahi duten diskurtso faxisten estrategiarekin bat eginda.

Abuztuaren 18an, berriz, barruak astindu zizkigun beste notizia hau ere irakurri genuen: Eguzki plakak jartzen diren lurrak kontuan hartuko dira Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak jasotzerakoan. Espainiako Estatuak indarrean dagoen NPB aldatzeko egin duen eskaera bati erantzuten dio erabakiak; eskaera hori Europak onartu du eta autonomia erkidegoen adostasunarekin egin da.

“Sistema agrovoltaikoak” deitzen diete –agro aurrizkia karetatzat erabilita– eta nekazaritza jarduera “dibertsifikatzeko” bide gisa aurkeztu digute. Baina nekazaritzara bideratu ordez, energia ekoiztera –ondoren saltzeko–dedikatutako lurraldea bihurtzen dute, diru publikoa energia korporazio pribatuei irabaziak handitzera desbideratuz. Diskurtso sinestezinean, agrovoltaikoak nekazarientzako diru-iturri berriak izango direla diote, teknologiaren garapenak eta digitalizazioak lagunduko dietela, eguzki plakak ekoizpenaren eta abereen babesleku bihurtuko direla –itzalak, ekaitzak…–, ur kontsumoa murrizteko aukera emango dutela. Zein “nekazariz” ari dira? Nork ditu azpiegitura horiek instalatzeko eta mantentzeko interesa eta gaitasuna? Nork uste du eguzki plaken eta baso baten itzalak konparagarriak direla? Ez diezazkigutela konponbide faltsuak saldu, enpresa energetikoen kontuak konpontzeko baino balio ez dutenak, sortzen dituzten galera ekologiko, sozial eta kulturalak ezkutatuta.

Ondo dakigu NPBak aspalditik duela iparra galduta. Sektorearen prekarietatea errealitate latza izanik, erantzun digitalak eta berde-kakiak NPBren merkatu-ardatza indartzera datoz, pastelaren banaketatik kanpo utzita nekazari eta ekoizpen txiki agroekologikoak.

Trantsizioaren noranzkoa eztabaidatu eta zalantzan jarri behar da. Hegoalde globalak hainbat hamarkadatan bortizki jasan duen lurraren desjabetze kolonialistaren logika erreproduzituta, euskal trantsizio energetikorako plan sektorialetan landa-eremuko sakrifiziorako diren lurrak batu dira. Orain, plan horiekin bat egiten du NPBk.  

NPBk desberdintasunak ezabatuko dituen tresna izan beharko luke, eta Elikadura Politika bihurtu, nekazarien zein jendartearen elikadura eskubideak bermatu daitezen. Gure jarduna trantsizio agroekofeministaz elikatzen da, elikadura burujabetza eraikitzen duen apustu politikoa: nekazariekin, agroekologikoa eta feminista den elikadura sistema baten baitan. Nola? Dagoeneko nekazaritza eta energia politika iraunkorren bidegurutzean martxan daude hainbat prozesu konkreturekin: elikagaiak ekoizteko eskala txikiagoa eta energia gutxiago kontsumitzen duten sistemak, lurrak babesteko ekimenak, dieten berrikuspena, eskualdeetako elikadura estrategia publiko-komunitarioak, erreleborako alternatiba duinak bermatzeko proposamenak, aliantza internazionalistekin, besteak beste. NPBren itzal bizigabearen aurrean, alternatiba izatetik elikadura politika agroekologikoa hedatzera igarotzeko garaia da, botere harreman patriarkalak deseginda, bizitza erdigunean jarrita.