Koronabirusak kolpe gogorra jotzea saihestu nahian, hainbat estatu presoak askatzen ari da edo kartzelatu kopurua murrizteko neurriak hartzen: denbora baterako edo garaia baino lehenagoko askatzeak, amnistiak, kondena etxean betetzea, sententzia kommutatzea, ikerketak eta sententzia gauzatzeak bertan behera uztea. Europako Kontseiluak dei egin die estatu guztiei, ahal denean eta diskriminaziorik gabe, atxiloketa saihestu eta bestelako aukerak erabiltzea.
Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Batzordeak egindako deiaren arabera, presoak Covid-19aren aurrean talde ahulenetako bat dira, kutsatzeko arrisku handiko tokietan daudelako. Kartzelak ez daude epidemia larriei aurre egiteko prestatuta eta kanpoan hartu daitezkeen neurriak (pertsonen arteko distantzia eta higiene arauak) barruan ezin dira hain erraz bete.
Kontseiluak dio Europako presondegi askotan jende gehiegi dagoela, eta ziega txikiegitan eta partekatutan bizi direla. Osasun zerbitzuak behar baino okerragoak dira eta gaixotasun infekziosoak eta kronikoak dituen preso kopurua gizarteko batez bestekoa baino handiagoa da. Tuberkulosia, diabetesa eta GIBa dutenak asko dira.
Dagoeneko kutsatuak eta hildakoak izan dira Europako presondegietan. Tentsio handia dago kartzeletan eta protestak izan dira bisitak eta ekintzak mugatu zaizkielako.
Kartzeletan jende gehiegi badago, eta areago larrialdi egoeran egonez gero, Kontseiluak dio askatasuna murrizteari alternatibak aurkitu behar zaizkiola. Batez ere kontuan hartzekoak dira osasun arazoak dituztenak, gizartearentzat mehatxu ez diren adinekoak eta delitu txikiak edo bortizkeria erabili gabe egin dituztenak. Atxilotuko ez diren pertsona horiei urgentziazko lo-tokia eskainiko zaie eta oinarrizko zerbitzuak, osasun arreta ere bai.
Kontseiluak espetxean dauden guztien giza eskubideak errespetatzea eskatu du eta batez ere ahulenak babestea, hala nola, desgaitasunen bat dutenak, haurdunak eta adin txikikoak. Osasun larrialdiak eragindako murrizketek aldi baterakoak, proportzionatuak, beharrezkoak, eta gardenak izan behar dutela eskatu du. Adibide moduan jarri du, senideen bisitak bertan behera utziz gero telefono edo bideo bidezko komunikazioa ahalbidetu beharko dela.