argia.eus
INPRIMATU
Donostia 2016 bide onean ikusi du Europako Jarraipen Batzordeak
  • Asteartean bisita garrantzitsua jaso du Donostia 2016 prestatzen ari den lantaldeak: Steve Green eta Ulrich Fuchs Kultur Hiriburutzaren Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideak eta Gloria Lorenzo Europako Batzordeko ordezkaria izan dira, eta eragileekin bilduz jaso dute egungo egoeraren berri. Ekimena bide onean ikusten dutela nabarmendu dute, larunbateko aurkezpena adibidetzat jarriz, herritarren eta artisten arteko elkargune bihurtu baitzen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2014ko uztailaren 02a
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Jarraipen Batzordeko kideak asteartean egindako agerraldian (argazkia: El Diario Vasco).

Urte bukaerarako, programazioa zehaztu beharra

2010ean aurkeztutako jatorrizko proiektua hartuta, azpimarratu dute "irudimentsua" eta "berritzailea" dela, baita hurrengo pausoa seinalatu ere: oinarrizko kontzeptua eta ikuspegia mantenduz, programazioak zehaztua eta puska handienean bideratua beharko du abendurako. Programazio horrek "dimentsio europarra edukitzea" ezinbestekotzat jo du Donostia bisitatu duen ordezkaritzak.

Eta programazioa aurkezteko ekitaldi handi bat eta marketin kanpaina beharrezko direla ohartarazi dute. Lan hori egiteko irailean beste hamasei langile kontratatuko ditu bulegoak.

Proiektuak jaso dituen kritikak, "politikoak"

Ekimenari leporatzen zaizkion kritika nagusiak galderetan azalerazi zizkieten kazetariek batzordeko kideei: Zuzendari nagusirik ez izatea eta alkatearen gestioa.

Lehenengoari pisua kendu zioten, nabarmenduz ez dutela ezagutu kultur hiriburutzarik krisirik jasan ez duenik eta ohikoa izaten dela tarte batez zuzendari nagusirik gabe jardutea. Gainera, zuzendari nagusiaren funtzioa argitu ondoren (ordezkaritza sinbolikoa eta finantzaketa bermatzea), zuzendari artistikoaren (Xabi Paya) funtzioa azpimarratu zuen, berari dagokiolako programazioaren ardura eta finantzaketan berak sinatzen baititu fundazio, babesle eta gainerakoekin kontratu lokal eta nazioartekoak.

Alkatearen kudeaketari eginiko kritikak eremu politikoan kokatu zituzten eta ohartarazi zuten funtsik gabeko etengabeko purrustadek aldian aldiko udala baino, hiriaren ospea kaltetzen dutela.