argia.eus
INPRIMATU
"Europako historiako mobilizaziorik jendetsuena" espero dute Diadako antolatzaileek
  • Ostegunean Bartzelonan egingo duten “V” erraldoirako izen-emateek iazko giza-katekoak gainditu zituzten astelehenean. 500.700 pertsona inguruk eman dute izena jada, baina antolatzaileek izena-ematen jarraitzeko deia mantentzen dute, ahalik eta mosaiko jendetsuena antolatu ahal izateko.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 10a
Aurtengoa Europako mobilizaziorik jendetsuena izatea espero dute antolatzaileek (argazkia: La Vanguardia)

“V” erraldoiak 11 kilometroko luzera izango du, eta 73 tartetan banatu dute. Tarteen %64,4 guztiz beteta dago, %28,8 ia beteta, %5,5 okupazio altuarekin eta %1,4 okupazio ertainarekin. Ez dago okupazio baxua duen tarterik.

1.538 autobus baino gehiago antolatu dituzte herri eta hirietatik Bartzelonara joateko, eta gehienak beteta daude. Kamiseten salmentak ere gora egin du: 150.000 baino gehiago saldu dira, antolatzaileen arabera.

“Europako mobilizaziorik jendetsuena”

Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea Diadaren antolatzaileekin bilduko da behin “V”a bukatuta. “Azaroaren 9an bozkatuko dugu eta irabaziko dugu. Hori da presidenteari helaraziko diogun mezua”, adierazi du Carme Forcadell ANCko presidenteak. “V” erraldoiarena “Europako historiako mobilizaziorik jendetsuena” izatea espero dute.

Nola egingo da “V”a?

Tarte bakoitzaren hasieran bederatzi boluntario egongo dira, bat banderaren “barra” bakoitzeko. Bakoitzak zein kolore dagokion (gorria edo horia) jakinaraziko die parte-hartzaileei. Tarte bakoitza lau pertsonako ilaraz osatuko da, beraz, mosaikoak 36 pertsonako zabalera izango du kale bakoitzean.

“Ara es l’hora” kanpainak grafiko bat argitaratu du mosaikoa nola egingo den azalduz:

Diadaren jarraipena ARGIAn

“V” erraldoia arratsaldeko 17:14tan osatuko da. Horrez gain, kontzertuak eta beste motatako ekitaldiak ere izango dira egun osoan zehar. ARGIAk Diada egunaren jarraipen berezia egingo du bertatik, eta V erraldoia zuzenean ikusi ahal izango da.