argia.eus
INPRIMATU
Europako Batasunak turismoa bultzatzeko proposamena egin du
  • Europako herrialde askori arnasa eman nahi dio Europako Batzordeak eta udako turismo aldia ez galtzeko bidea ireki du hainbat irizpideren bidez. Estatu kideei mugak urratsez urrats irekitzea eskatuko die eta derrigorrezko berrogeialdiak baztertu ditu.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 13a

Estatuek erregio arteko mugak eta estatu arteko mugak zabaltzen hastea gomendatu du Europako Batzordeak, beti ere egoera epidemiologiko antzekoa dutenen artean.

Zirkulazio askea baimentzeko hiru irizpide kontuan hartzeko eskatuko du. Lehenengoaren arabera irizpide epidemiologikoak hartuko dira kontuan eta batez ere ondoen dauden eremuetan jarriko da fokoa. Kontuan hartuko den bigarren gauza bidaian kontentzio neurriak ezartzeko gaitasuna kontrolatzea izango da; eta hirugarrenik, bidaiatzeko arrazoi ekonomiko eta sozialak begiratuko dira, eta jarduera handia duten eremuei lehentasuna emango zaie.

Europako Batzordeak ez du onartuko diskriminaziorik. Alegia, estatu batek eremu geografiko osoko mugak edo estatuko hainbat eremutako mugak irekitzen baditu bertara bidaia dezaten, egoera epidemiologiko antzekoa duten Europako Batasuneko edozein estatu edo eremuri utzi beharko dio hara bidaiatzen.

Hegazkin, tren eta itsasontzietarako neurriak prestatu ditu. Batzordeak ez du aurreikusten orain arte bezala eserlekuak bete gabe uztea eta maskara eramatea derrigortuko du. Hegazkinetarako babes neurri zehatzak datozen egunetan iragarriko dituztela adierazi dute.

Ostatuetan egoteko proba epidemiologikoak aurreikusi dituzte eta eremu geografiko horietan herritarrak eta turistak artatzeko osasun baliabideak egokiak diren aztertuko dute. Herritarren zaintza eta monitorizazioa iragarri dituzte. Kutsa daitekeen jendearen arrastoa jarraitzeko bideek ere ziurtatuta egon beharko dute.