argia.eus
INPRIMATU
Europak Israeli masiboki armak erosten jarraitzen du: Elbit taldeak 1.600 milioi euroko kontratua sinatu du Serbiarekin
  • Gazako palestinarren aurkako genozidioa aurrera doan bitartean, Europak Israelgo armagintza industria hauspotzen jarraitzen du. Elbit Systems Israelgo armagintza enpresa ezagunak joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro baino gehiagoko kontratua sinatu zuela, bost urtez irismen luzeko misilak eta droneak bidaltzearen truke. Israelgo hainbat hedabidek igandean jakinarazi dute Serbia dela akordioaren jabea. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 19a
Elbit Systems taldearen postua 2024ko otsailean Singapurren eginiko erakusketa batean. Edgar Su / Reuters

Israelgo armagintza industriari dagokionez, Elbit Systems taldea da "Gazan borrokan frogatutako armak" mundu osoko herrialdeentzat nahiz Israelgo armadarentzat gehien ekoizten dituen enpresa. Horren erakusle dira azken urteetan pilatu dituen irabaziak: 2024ko hirugarren hiruhilekoan 1.717,5 milioi dolarreko irabazi gordinak izan zituen, aurreko urte epe berdinean baino 216 milioi dolar gehiago. Bada, Israel Gazako palestinarren aurka egiten ari den genozidioak gutxienez 60.000 lagunen heriotza eragin duen bitartean, armagintza industria sionista indartzen jarraitzen du Europak.

Izan ere, Elbit Systemsek joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro inguruko balioa duen kontratua sinatu zuela, bost urtez irismen luzeko misilak eta droneak bidaltzearen truke. Israelgo hainbat hedabidek jakitera eman dute igandean Serbiarekin sinatu dutela akordio hori, Europar Kontseiluko Oinarrizko Eskubideen arduradun Michael O'Flahertyk estatu kideei –Serbia da horietako bat– eskatu zien Israeli arma gehiagorik ez erostea, "Gazako palestinarren giza eskubideen urraketak saihesteko". 

Halere, 2023ko urriaren 7az geroztik, Europako herrialde gehienek muzin egin diote Israelekin eta hango enpresekin dituzten harreman ekonomiko, komertzial eta politikoak eteteari. Hain zuzen, Elbit System enpresak inoiz egin duen salmentarik handiena Alemaniarekin sinatu zuen 2023an: 3.500 milioi euroko balioa zuen kontratua. Gainera, Centre Delas erakundeak apirilean argitaratutako txosten batek ondorioztatu zuen 2023ko urriaz geroztik Espainiako Estatuaren eta Israelen arteko harreman militarrak “inoiz baino estuagoak” izan direla: ikerketaren arabera, ordutik 40 kontratu baino gehiago sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin loturak dituzten armamentu enpresekin –Israelgo enpresekin, horiek Espainian dituzten filialekin edota Israelgo lizentziapean ekoizten dituzten Espainiako Estatuko sozietateekin–.