argia.eus
INPRIMATU
Europak Google ikertuko du, adimen artifiziala gehiegikerien bitartez garatzen duela leporatuta
  • Europako Batzordeak Google hartu du jomugan orain, Meta eta X ikertzeko iragarpenaren ondotik. Bruselaren ustez, enpresa teknologiko erraldoiak komunikabide eta sortzaileen edukia baliatzen du bere adimen artifiziala elikatzeko, baimenik eta konpentsazio egokirik gabe, eta horrek merkatuan “gehiegikeria” eta “lehia desitxuratzea” eragiten ditu.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko abenduaren 10
Flickr

Europako Batzordeak, beste behin, enpresa teknologiko erraldoietako bat ikertuko du. Iragan astean Meta enpresa eta X sare sozialak ikertuko zituela iragarri ostean –Whatsappen adimen artifiziala txertatzeagatik, eta publizitatean garbi ez jokatzeagatik, hurrenez hurren– , orain, Google ikertuko duela jakinarazi du komunikatu bidez. Batzordearen iritziz, Google bere adimen artifiziala entrenatzeko komunikabide eta eduki sortzaileen lanaz baliatzen da, abusuzko jokabideen bitartez. 

Erabiltzaileek Googlen bilaketa bat egitean, badute erantzuna zuzenean ematen dien adimen artifizialeko tresna bat, web orrietan sartu beharrik gabe. Are, sormen edukiak garatu ditzake Googlen adimen artifizialak, ustez autonomoki. Horretarako, baina, komunikabide eta eduki sortzaileen sareko edukietaz baliatzen da, trukean konpentsazio ekonomiko egokirik eman gabe, Bruselaren iritziz. Gainera, komunikabide eta eduki sortzaileek ez dute aukerarik erabakitzeko ea euren edukia Googlen adimen artifiziala elikatzeko erabil daitekeen ala ez. 

Halaber, Europako Batzordeak adierazi du Googlek ere Youtube plataformako bideoak erabili ahal izan dituela bere adimen artifizialeko modeloak entrenatzeko. Beste behin, sortzaileentzako konpentsazio egokirik gabe eta erabilera hori baztertzeko aukerarik eskaini gabe. Youtubera edukiak igotzeko, sortzaileek derrigorrez onartu behar dituzten "termino eta baldintzetan" onartu behar dute Googleren adimen artifiziala elikatzeko erabiliko direla edukia. Are, adimen artifiziala garatzen duen konpetentziari debekatzen zaio Youtubetik datuak biltzea.

Sarean jarduten duten sortzaile asko interneteko bilaketa sistema horren mende daude erabiltzaileen trafikoa lortzeko, eta hein handi batean, erabiltzaileek euren webguneetan ikusten eta klikatzen duten publizitatetik lortzen dute dirua. Europako Batzordeak salatu du orain klikak Googlek jasotzen dituela, eta ez komunikabideek, "konpetentzia ez zilegia" baliatuta. Ondorioz, iragarleek Googleri ordaintzen diote, eta ez komunikabideei. Bruselak salatu du negozio modeloak “euren interesetara moldatzen” ari dela Google, gehiegikerien bitartez, eta horrek "lege komunitarioak urratuko lituzke".

Sortzaileak kaltetu eta Trumpek mehatxu

Gai ekonomikoez harago, hainbat sortzailek adierazi dute etika kontua ere badela, eta eztabaida mahai gainean jarri dute: nork dauka sortzaileen edukiaren kontrola? Baimena eskatu behar da? Zer da enpresa horiek (Google, Meta, etab.) deklaratzen duten interes legitimoa datu horiek guztiak biltzeko?

Teresa Ribera Monopolioen aurkako komisarioak adierazi du adimen artifizialak “aurrerapen asko” ekarri dituela, baina aurrerapen hori ezin dela “gure gizarteen oinarrizko printzipioen kalterako” izan. Trumpek, inoren harridurarako, mehatxu egin du. Izan ere, aldiro egiten du mehatxu, muga zergak jarriko dizkiela AEBetako konpainia teknologikoei arau edo zerga digitalak jartzen dizkieten herrialdeei. Oraingoan, esan du Europaren jokabidea "nazkagarria" dela, eta ez doala "bide onetik".