Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak 30 milioi euroko isuna ezarri die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, 1990eko hamarkadan euskal enpresei emandako "opor fiskalak" berandu itzultzeagatik.
Auzitegiak 50 milioi euroko isuna ezarriko ziela zirudien, erakundeko abokatu nagusiaren proposamena onartuta, nahiz eta Europar Batzordeak 64 milioi eskatu dituen. 20 milioi gutxiago eskatu ditu azkenean.
Justizia Auzitegiaren epaiari helegitea jartzeko aukerarik ez da izango.
Laguntzak, legez kanpokoak
Enpresak erakartzeko asmoz emandako laguntzak dira "opor fiskalak", Berria egunkariko kazetari Miren Garatek azaldu duen moduan. 1993tik 1999ra bitartean, 300 enpresa inguruk baliatu zituzten elkarteen gaineko zergak arintzen zituzten laguntza horiek. Jose Antonio Ardanza buru zuen EAJ-PSE gobernuak erabaki zuen aipatu sistema aplikatzea.
Europak legez kanpokotzat jo zituen, ordea, eta Espainia laguntzak berreskuratzera behartu zuen. Eta Estatuak laguntzen erantzukizuna Foru Aldundiena dela ebatzi du, legea oinarri.
Zenbat ordainduko du diputazio bakoitzak?
Hasteko, kontuan hartu behar da diputazio bakoitzak ez zuela opor fiskal kopuru bera banatu. EBko abokatu nagusiaren arabera, 322,3 milioi euro ziren itzuli beharrekoak: Arabak 212,4 (%65,89), Bizkaiak 68,7 (%21,31), eta Gipuzkoak 41,2 (%12,8).
Bizkaiak ehuneko horiek errespetatzea proposatu du. Ez ordea Arabak, diru gehien berak ordaindu beharko lukeelako. Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresek adierazi duenez, isunaren %70 Jaurlaritzak ordaindu beharko luke, opor fiskalak legez kanporatu ostean berreskuratutako 500 milioi euroen %70 hark jaso zuelako.
Gipuzkoako Diputazioaren hitzetan, ardurak argitzeari lehentasuna eman beharrean, isuna nola banatu beharko litzatekeen ari dira publikoki eztabaidatzen Arabako eta Bizkaiko aldundiak.
“Norbaitek hartu zuen opor fiskal haiek bere garaian tramitatzeko erabakia. Norbaitek onartu zituen. Eta hori alderdi politiko bat izan zen”, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen hitzetan. Erabaki hura hartzeko irizpide politikoak eta juridikoak argitzea komeni dela adierazi du.