Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua "pozik" agertu dira, AHTren ardatz Atlantikoa eta harekin bat egingo duen Mediterraneoko ardatza "lehentasuna" duten trenbide-sareen artean sartu baititu Europako Batzordeak. 2014-2020 artean proiektu horien %10-20 (edo gehiago) finantzatuko du Europako Batasunak. Obrak 2030erako amaiturik ez badaude, Europak ohartarazi du laguntzak kenduko zaizkiela. "Lehentasunezko" proiektuen artean sartu dituzten hamar trenbide-sareek 31.700 euroko laguntza jasoko dute.
Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua: "Oso garrantzitsua da Europak politikoki eta ekonomikoki Euskal Y-a sustatzea. Ardatz Atlantikoa lehentasunen artean hartzea, benetako bultzada da proiektuarentzat. (...) Euskadiko enpresek lotura handiagoa izango dute Europakoekin, eta lehiakorragoak izango dira. Lanpostuak sortzeko eta garapenerako aukera paregabea da".
Anai Astiz, Nafarroako sustapen sailburua: "Nafarroan izan genezakeen aukera onenari erantzuten dio albiste honek, abiadura handiko nafar ardatzari behin betiko bultzada ematen diolako. (...) Modu honetan, nazioarteko eta nazio mailako merkantzia-fluxua eusten duten ardatzen artean estrategikoki kokatzen da Nafarroa".
Europak finantzatuko dituen proiektuetatik at geratu da, bestalde, Aragoi (Espainia) eta Frantzia lotuko lituzkeen pirinioez gaindiko ardatza. Pasa den astean proiektu hori babestu zuen Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuak.