argia.eus
INPRIMATU
Europa, abenduaren 19aren biharamunean
  • Hamabi hildako Berlinen, Errusiak Turkian duen enbaxadorea tiroz hila, hainbat zauritu Zuricheko zentro islamiar baten aurkako erasoan... Odoltsua suertatu da Europan abenduaren 19ko iluntzea, Siriako gerrari konponbidea emateko saiakera ustelen testuinguruan.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa Unai Brea @unaibrea2 2016ko abenduaren 20a

Hainbat gertakari bortitzek kolpatu dute Europa astelehen arratsalde eta gauean. Hainbat hildako eta zauritu utzi dituzte Ankaran, Berlinen eta Zurichen izandako atentatuek.

Izua eta heriotza Berlingo Gabonetako azokan

Gutxienez hamabi hildako eta berrogeita hamar zauritu eragin ditu kamioi batek Berlinen. Errepidetik irten eta Breitscheidplatz plazan sartu da, Gabonetako azoka batean. 50 bat metro egin ditu oinezkoen pasealekuan eta hainbat pertsonaren kontra jo du, pinu batekin talka egin eta gelditu den arte. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Amaq berri agentziak zabaldu duenez.

Poliziak aske utzi du erasoa gertatu eta gutxira atxilotutako susmagarria, 2015ean Alemanian asiloa eskatu zuen errefuxiatu pakistandar bat. Hasieratik, errugabea zela aldarrikatu du atxilotutakoak; azkenik, poliziak ez du lortu haren aurkako frogarik, eta aske utzi du.

Errefuxiatuen etorreraren aurka dagoen Alemaniarentzat Alternatiba eskuin muturreko alderdiak Angela Merkeli leporatu dio gertatutakoa. Honela idatzi du Marcus Pretzell eurodiputatuak twiterren: “Noiz erreakzionatuko du Alemaniako Zuzenbide Estatuak? Noiz amaituko da hipokresia madarikatu hau? Merkelen hildakoak dira”.

Aleporen ebakuazioaren ondorioak Ankaran

Polizia turkiar batek tiroz hil du Andrei Karlov, Errusiak Ankaran duen enbaxadorea, arte galeria batean. “Ala Akbar” (Jainkoa handia da) eta “ez ahaztu Alepo. Ez ahaztu Siria”, “gure herrietan segurtasuna bermatu ezean, zuenak ez dira izango seguruak”, “errepresio  horretan zer ikusia duen orok garesti ordainduko du” esaldiak oihukatu ditu erasotzaileak, eta Turkiako segurtasun indarrek hil egin dute.

Alepoko negoziazioetan hartu zuen parte Karlovek. Errusiak eta Turkiak bertan lortutako akordioari esker ebakuatu zuten Alepo. Gaur bilduko dira Turkia, Errusia eta Irango Atzerri eta Defentsa Ministroak Moskun, Siriako egoerari buruz hitz egiteko.

Vladimir Putin Errusiako presidentearen ustez, Turkia eta Errusiaren arteko harremanak “gaiztotu” nahi izan ditu erasotzaileak, “Siriako gatazkaren konponbide baketsua oztopatzeko”.

Zentro islamiar baten kontrako tiroketa Zurichen

Zuricheko zentro islamiar batean izandako tiroketak hiru zauritu eragin ditu. Erasotzaileak ihes egin du, eta ikerketa ireki du Poliziak. Erasoa izan den tokitik gertu gorpu bat aurkitu dute, baina ez dute argitu tiroketarekin loturarik duen ala ez.

 

AEBek Turkian dituen enbaxadak itxi ditu, Ankarakoan tiroketa jasan eta gero

AEBetako Gobrnuak iragarri du Ankara, Istanbul eta Adana hiru turkiarreta dituen enbaxadak itxi dituela astelehenean lehnibizikoan erasoa izan eta gero. Gizon bat eraikinaren aurka tiroka hasi zen, baina ez zen zauriturik izan. Erasoaren egilea atxilotua izan da. Errusiako enbaxadorea hil eta ordu gutxira gertatu zen tiroketa.