argia.eus
INPRIMATU
Euroliga Gasteizen: akordioak ez duela legea betetzen azaleratu dute bi txosten teknikok
  • Gasteizko Udalaren bi txosten teknikok zalantzan jarri dituzte bertako instituzioek Euroligarekin sinatutako akordioaren hainbat puntu, Arabako hiriburuak jasoko duen 2019ko Final Four saskibaloi finalaren harira, SER irratiko kazetari Iker Armentiak jakinarazi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2018ko azaroaren 15a

SER irratiak eskuratu duen dokumentazioaren arabera. hitzarmenak "oinarrizko hutsuneak ditu" eta "ez ditu Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren Legearen eskakizunak betetzen".

Gasteizko Udalak pasa den ostiralean sinatu zuen akordioa Euroligarekin. Instituzioak milioi bat euro jarriko du, Arabako Diputazioak 1,5 milioi euro, eta Jaurlaritzak beste 1,5 milioi. Orotara, hortaz, Final Four-a hartzeko 5 milioi euro jarriko dituzte euskal administrazioek. Euroligak zenbat diru jarriko duen ez da publiko egin, eta hori da hain justu txosten tekniko biek azaleratu duten hutsuneetako bat. Babesle, publizitate, merchandising edota segurtasun kontuetan ere "argitasun handiagoa" eskatu dute Udalaren txostenek, baita hitzarmenaren iraupenari dagokionez ere. Udal gobernuak, bere aldetik, akordioaren formula "erabat justifikatua" dagoela azaldu du.

Azken hitza: epaitegi suitzar batek

Euskal instituzioen eta Euroligaren arteko akordioan aipatzen da "suitzar zuzenbidearen arabera zuzentzen eta interpretatzen" dela. Beraz, aldeen artean desadostasunik balego, egoitza Luganon duen Arbitraje-Auzitegiak erabaki beharko luke. Udalaren txostenak eskatu du klausula hori bertan behera utzi eta Espainiako Estatuko, EAEko eta Arabako legeak aplikatzeko.