argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeak Stop-ek hipoteka ordaintzeko arazoekin lotu du Basauriko gizon baten suizidioa
  • Bizkaiko Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi du 56 urteko gizonezko batek bere buruaz beste egin zuela atzo arratsaldean Basaurin. Elkarteak gaineratu du joan den astean deitu egin ziela gizonak eta bilera egitekoak zirela, dagoeneko ura eta argindarra moztu ziotelako. Etxea ordaintzeko zituen arazoekin lotu du suizidioa plataformak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko otsailaren 12a
Kaleratze kasu bat gelditu nahian, Irunen. Bidasoaldia.com

Gogoratuko duzuenez, joan den azaroan Amaia Egaña 53 urteko barakaldoarrak leihotik bota zuen bere burua, etxetik kaleratu behar zuten unean. Hilabete horretan bertan, etxetik bota behar zuten Manuel Reguera Doneztebeko bizilagunak bere buruaz beste egin zuen, baina udalak ez zuen suizidioa gai horrekin lotu.

Kaleratzeen aurkako proposamen herritarrari ezetz esango dio PPk

PAH Hipotekak Kaltetutakoen Plataformaren proposamenak milioi eta erdi sinadura lortu ditu eta gaur bozkatuko dute Espainiako Kongresuan. Kaleratzeak geratzea (orain arte gauzatutakoak barne), etxea ematearekin zorrak kitatzea eta alokairu soziala eskaintzea dira proposamenaren oinarriak. PPk aurreratu du proposamenaren kontra bozkatuko duela gaur eta Ada Colau PAH plataformako kideak adierazi du izen-abizenekin seinalatuko dituztela kontra bozkatzen dutenak, "jakin dadin zeintzuk diren herritarren sufrimenduaren erantzule". Colauk joan den astean Kongresuan emandako hitzaldiak oihartzuna izan du hedabideetan, politikariei kritika zorrotzak egin zizkielako eta tartean "kriminal" deitu ziolako bere aurretik hitz egin zuen bankuen ordezkariari.

Hemen hitzaldiaren bideoa, gaztelaniaz:

Bestalde, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop kolektiboak hitzaldia eskainiko du gaur arratsaleko 19:00etan, Hernaniko Karbonera etxeko Ikatza liburugunean. Kaleratze prozesuei eta Herri Ekimen Legegileari buruz arituko dira, eta eztabaidarako tartea izango da ondoren.