Etxetik joatea ia ezinezkoa EAEko gazteentzat, bereziki emakumeentzat

  • Merkatu librean erosi edo alokatzea ia ezinezkoa da EAEko gazteentzat. Babestutako merkatua da euren aukera bakarra. Gizonen eta emakumeen arteko soldata-aldeak direla eta, emakumeek bakarrik emantzipatzeko aukera gutxiago dituzte.


2016ko urtarrilaren 26an - 12:29
Soilik etxebizitza babestuen kostuak har ditzakete gazteek, batez ere, alokairu babestuarenak.

Hala erakusten du Etxebizitza-emantzipazioaren kostuak Euskadin 2014 txostenak. Joffre López Oller emantzipazioaren inguruko adierazletan aditua da egilea eta Gazteen Euskal Behatokiak koordinatu du lana. EAEko 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunak dituzte aztergai txostenean. Ondoren txostenak nabarmendutako hiru emaitza.

Etxebizitza librea erostea

Txostenaren arabera EAEn lan egiten duten gazte gehienek ezin dute etxebizitza libre bat eskuratu. Izan ere, etxebizitza libre bat eskuratzeko kostua ezin da izan soldata garbiaren %30 baino askoz handiagoa: esparru europarrean, etxebizitza baldintza horietan eskuratzeak gehiegizko ahalegin ekonomikoa dakar eta, ondorioz, eskastasuna sortzen du.

Aurreko urteekiko jabetzako etxebizitza libre bat eskuratzeko kostua zertxobait jaitsi bada ere, ez dago gazteen eskura. 2014an, gazte soldatadun bat emantzipatzeko, bere hileko soldata garbiaren %60,1 bideratu beharko zukeen hipotekaren lehen hilerokoa ordaintzera. 25 urtetik beherakoen kasuan soldataren %90,7 bideratu beharko zuketen.

Nahiz eta prezioak jaitsi, merkatu libreko etxebizitza bat eskuratzeko soldatapeko gazteek gaur egun jasotzen duten soldataren bikoitza kobratu beharko lukete. Datua altua bada ere, adierazle hau nabarmen jaitsi da 2007. urteaz geroztik. Orduan, %230 gehiago irabazi behar baitzen jabetzako etxebizitza libre bat erosteko.

Etxebizitza librea alokatzea

Merkatu libreko alokairua aukeratzea ere ez da aukera onargarria gazteentzat. Hipotekaren epe luzerako konpromiso-arriskurik ez dakarren arren, etxebizitza alokatu batean bakarrik emantzipatzea erabakitzen duenak egin beharreko gainesfortzu ekonomikoa handiegia da.

Etxebizitza libre bat alokatzearen kostua, lehenengo aldiz, jabetzako etxebizitza bat eskuratzekoa baino altuagoa da. Gipuzkoa jarraitzen du izaten etxebizitza libre bat eskuratzeko kostu handienak dituen lurraldea, jabetzan zein alokairuan izan.

Etxebizitza babestuaren kostuak

Soilik etxebizitza babestuen kostuak har ditzakete gazteek. Batez ere, alokairu babestuarenak. Etxebizitza babestu bat erosteak gazte baten soldata garbiaren %31,4 bideratzea eskatzen du eta alokairu babestuak %24,2. Hala ere, 25 urtetik beherako soldatapeko gazteak etxebizitza-merkatutik kanpo daude, baita etxebizitza babestuenetik ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Sei urteko espetxe zigorra eskatu dute bizkaitar baten aurka, etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik Bartzelonan

Bi lagunen kontrako epaiketa hasi da gaur, otsailaren 29ean, Bartzelonan. Akusatuetako bat Zeberiokoa (Bizkaia) da, eta bestea Esplugueskoa (Bartzelona). 2020an Bartzelonan etxegabetze bat gelditzen saiatzean, Esquadra Mossoak bortizki oldartu ziren han bildutakoen kontra... [+]


Eguneraketa berriak daude