argia.eus
INPRIMATU
Etxetik erdara dakarten ikasleekin eskolan eta auzoan euskara sustatzen
  • Irungo Dunboa ikastetxeko haur gehienen etxeetan erdara da nagusi, eta bai eskolan bai auzoan euskara zabaltzea erronka eta aukera bezala bizi du hezkuntza komunitateak. Bide horretan martxan dituzten proiektuak aurkeztu berri dituzte, auzoko paisaia linguistikoan eragitea kasu: “Eskolak auzoarekin duen gertutasuna eta harreman estua baliatu nahi ditugu”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urtarrilaren 25
Ene Kantak taldeak bere kantetako bat Dunboako ikasleekin grabatu du urtarrilean.

“Gure ikasleen kasuan, euskara ez da eskolatik kanpo egunerokoan bizitzeko hizkuntza; esku batekin zenbatu daitezke bi gurasoak euskaradunak dituzten familiak”, azaldu digu Julen Urkia Dunboa eskola publikoko zuzendariak. Haur eta Lehen Hezkuntzako 300 ikasle inguru dituzte, denera 20 jatorritik gorako haur eta familia. Aniztasun hori guztia aukera gisa ikusten dute, eskolan eta auzoan euskara zabaltzeko.

Denda eta jatetxeen kartelak euskaratzen

Adibidez, auzoko dendetako kartelak euskaratzen ari dira ikasleak, eta 6. mailakoek arrandegi, fruta-denda eta Kebab jatetxeko karta eta kartelak euskaldundu dituzte dagoeneko. “Ikasleei erakusten diegu euskaraz bizitzen, baina euren eguneroko errealitatean ez badute paisaia linguistikoa euskaraz jasotzen, oso zaila egiten zaigu euskaraz aritu daitezen motibatzea, ikusten dutelako beren herri eta auzoan euskara ez dela nagusi”, kontatu digu Urkiak.

Dinamika honek, gainera, badu bigarren irakurketa bat: “Establezimenduek ez badute euskara erabiltzeko hautua egin, izan daiteke inork ez dituelako lagundu edo inork ez dituelako horretara animatu, zeren karta eta kartelak euskaratzea eskaini diegunean biziki ondo hartu dute, eta bai eurak bai ikasleak oso pozik geratu dira hartu-emanarekin”. Tartean, atzerritik etorritako bizilagunen negozioak euskalduntzeko aukera eman du proiektuak. “Auzoko dendari hauek bultzadatxoa behar izan dute pausoa emateko eta bultzada hori eskolak eta eskolako ikasleek eman izana gauza handia da”.

Auzoaren erdian dago kokatuta eskola, eta horri balio handia ematen diote, eskolaren eta auzoaren artean dagoen harremana saretzeko eta indartzeko aukera ematen dielako; auzotarrekin ekintza ugari antolatu ohi dituzte.

"Auzoko dendari hauek bultzadatxoa behar izan dute euren kartelak euskaratzeko eta bultzada hori eskolako ikasleek eman izana gauza handia da"

Familiak elkartzen

Familia Laguna programa ere jarri dute abian, eta horretarako Elkarrekin kooperatiba dute gidari: beste herrialde batzuetatik etorri berriak diren familiak adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldunekin harremanetan jarri eta elkartzea da helburua. Lehenengo, bilerak antolatu dituzte eskolan, hezkuntza komunitatea inplikatzea garrantzitsua delako, eta aurtengo erronka dute atzerritik iritsitako hiru familia beste hiru familia euskaldunekin elkartzea, “integratuago eta gure artean goxoago sentitu daitezen”.

Ekintza eta proiektu berriak garatzen segitzeko indartsu daude Irungo Dunboan, “komunitate osoak bere euskalduntze lanean bultzada bat izan dezan”.