Mercaderes kaleko hainbat bizilagunek salatu dute VDR-Vidaurre enpresak etxetik bota nahi dituztela, etxe turistikoak egiteko. Horretarako, jabeak "jazarpen inmobiliarioari" ekin dio. Bizilagunek, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak lagunduta, "turismoaren negozioak dakarren hiri eredua" salatu dute.
Iruñeko Alde Zaharreko Mercaderes kaleko 18.ean bizi diren bizilagunak beraien etxeak galtzeko arriskuan daude, eta hori salatzeko agerraldia egin dute Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak lagunduta: "Vidaurre Group enpresaren jabetzakoak diren pisu batzuetan bizi gara alokairuan, eta, orain, etxetik bota nahi gaituzte 11 pisu turistiko egiteko". Pisuak Vidaurre Group enpresaren jabetzakoak dira, hain zuzen VDR konpainiarenak. Nafarroako hamar eraikuntza-enpresa handienetakoa da, eta azken urtean 30 milioi euroko diru sarrerak erregistratu ditu. Gedarrek jakinarazi duenez, enpresak dagoeneko lortu ditu Mercadereseko etxe horiei erabilera turistikoa emateko lizentziak, eta orain maizterrak kanporatzeko bideari ekin dio.
Hilabeteotan bizilagunak negoziatzeko prest agertu dira, pisuak libre uzteko enpresaren eskaintzak entzuten. Hala ere, salatu dute azken eskaintzari uko egitean VDRk "jazarpen inmobiliarioari" ekin diola bizilagunak kanporatzeko. Jabea “obra zalantzagarriak” egiten hasi zen portalean, eta ondorioz, obra hondakinak pasabideetan pilatuta, igogailua itxita, ur beroa etenda, eta interneterako sarbiderik gabe daude bizilagunak.
Agerraldian, euren etxeetan bizitzen ari diren egoeraz harago, “turismoaren negozioaren aurka” agertu dira. Salatu dute “etekinak ateratzen dituzten horien zerbitzura” jartzen dela hiria, eta ondorioz, bizilagunak kanporatzen direla, “zuzenean zein zeharka”. Prezio igoerek eragiten duten aukera faltaren eraginez, sektore zaurgarrienek eta gazteek ezin dute bertan bizi. Gaineratu dute turismoa gailentzen duen hiri ereduak "lan-baldintza prekarioak, bizitzaren garestitzea, eta espazio eta sare komunitarioen degradazioa” dakartzala.