argia.eus
INPRIMATU
Etxerik gabekoen %80k baino gehiagok erasoak jasan ditu
  • Pobreenganako gorrotoari aporofobia deitzen zaio eta zabalduta dagoen gaitza da. Egoera sozioekonomiko txarrean kalean bizi direnen kolektiboa ikusezina da, eta hauek babesteko legeak ezer berezirik egiten ez duenez, jasaten dituzten erasoen aurrean inpunitatea da nagusi.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko ekainaren 25
Elkarrizketatuen 5etik 1 eraso fisikoen biktima izan da.

Kalean bizi eta lo egitea ez da soilik indarkeria estrukturala, zuzeneko erasoen biktima izatea dakar maiz, gorrotoak bultzatuta. Erasoak prebenitu, atzeman eta horiei aurre egiteko, Etxerik Gabeko Pertsonen Kontrako Gorroto Delituen Behatokia sortu da: Hatento. Espainiako Estatuko hainbat elkarte biltzen ditu, tartean Euskal Herriko RAIS Euskadi edota Zubietxe Elkartea.

Ikerketa aitzindaria: 5etik 1, eraso fisikoen biktima

Orain arte, etxerik gabekoek kontrako erasoak ez dira aztertuak izan, baina ikerketa aitzindaria egin du Hatentok: Bilbo, Donostia, Bartzelona, Madril, Murtzia eta Sevillako 261 lagun elkarrizketatu ditu, kalean bizi direnak. Emaitza nagusiak honakoak dira, datutan:

- %47,1ek aporofobiarekin lotutako eraso bat jasan du.

- %81,3k aporofobiarekin lotutako eraso bat baino gehiago jasan ditu.

- 3tik 1 iraindua izan da.

- 5etik 1 eraso fisikoen biktima izan da.

- Emakumeen %60,4k eta gizonezkoen %44,1ek jasan dituzte erasoak.

- Erasoa jasan dutenen %13k baino ez du salaketa jarri. Dakigula, erasotzaileek ez dute zigor-epairik izan.

Hitzordua Bilbon

Bazterketa egoeran bizi direnek jasaten duten oinarrizko eskubideen urraketa salatzeko eta ikerketaren emaitzez eztabaidatzeko, herritarrekin hitzordua egin dute Bilbon ekainaren 26an, 9:00etatik aurrera, Arrupe Etxean.

 

 

Zer egin eraso egoeren aurrean?

Egoera salagarri hauek gerta ez daitezen, herritarroi hainbat jarraibide proposatzen dizkigu Hatentok, bideoan jasoak (gaztelaniaz):