argia.eus
INPRIMATU
Etxeratze agindua ezarriko dute Ipar Euskal Herrian ostiral gauetik aurrera
  • Frantziako Gobernuko Lehen ministro Jean Castexek eman du dekretuaren berri, beste 38 departamentutan jarriko da indarrean etxeratze agindua gaueko 21:00etatik aurrera, tartean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barnebiltzen dituen Pirinio Atlantikoetan. Beranduago Pirinio Atlantiarretako Eric Spitz prefetak adierazi duenez, Euskal Herriaren kasuan jakirik eskaintzen ez duten ostatuak ere itxi egingo dituzte epe horretan.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 22a

Ipar Euskal Herrian ezin izango da kalean gauez ibili datorren ostiraletik aurrera, Frantziako Gobernuak etxeratze agindua ezarri baitu. Parisen eta beste hirigune handi askotan arestian egin bezala, departamendu ugaritara zabaldu du neurria Macronen gobernuak eta Lehen Ministro Jean Castexek eman du horren berri; egoera "larria" dela aitortu du, koronabirusaren kutsatzea asko hedatu delako estatu osoan eta ezinbesteko ikusi du etxeratzea.

Gaueko 21:00etatik goizeko 6:00ak arte iraungo du debekuak, sei astez "normalean", esan du Lehen ministroak. Hau da, gutxienez abenduaren 4ra arte. Horrez gain denda guztiek ere 21:00etatik aurrera itxita egin beharko dute eta ordu tarte horietan bidaiatzeko ziurtagiri edo baimen berezia beharko da.

Ministroak Hexagono osorako neurri berriak jakinarazita beranduago mintzatu da Eric Spitz Pirinio Atlantiarretako prefeta eta honek are neurri murriztaile gehiago ezagutarazi ditu, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan aplikatuko direnak. Otordurik eskaintzen ez duten ostatuak itxita geratuko dira hiru asteko (gutxienez) epe horretarako.

(13:03etan editatua)