Baionako Euskal Museoko aurrealdea lelo batekin argiztatu dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak: "Aitortza eta baliabideak, euskara jalgi dadin beti". Salatu dute Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae Parisko Liburutegi Nazionalaren "baimenarekin" dagoela bertan, baina aldi baterako, eta euskarak gaur egun bizi duen egoeraren erakusgarri dela diote. Abenduaren 27an Bilbora joateko deia luzatu dute.
Urriaren 11tik Baionako Euskal Museoan ikusgai dago Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren jatorrizko ale bakarra, euskaraz idatzitako lehen liburua, gaur egun ezagutzen denez. Baina aldi baterako izango da bertan, urtarrilean berriz itzuliko baitiote Parisko Liburutegi Nazionalari, honek mailegatuta utzi duelako.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak agerraldia egin dute museo aurrean azaroaren 17an, eskatzeko "euskararentzat eta euskal herriarentzat garrantzi handia duen liburu hori euskal herritarren esku ezarria izan dadila eta Euskal Herrian egon dadila". Euskal Museoaren aurrealdea lelo batekin argiztatu dute, zeinean "aitortza eta baliabideak" eskatzen dituzten, euskata "jalgi dadin beti".
Bi erakunde horien izenean hitz egin dute Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak eta Gorka Torre Euskal Konfederazioko kideak. Gogorarazi dute Etxeparek bere liburuan egin dei hura igaro eta 480 urtera "oraindik urrun" dela berdintasuna eta liburuarekin gertaturikoa horren adierazgarri dela: "Ederki azaltzen du zein den 2025 honetan euskarak –eta euskal hiztun komunitateak– Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan bizi duen egoera".
Berehala indarrean jar daitezkeen neurriak badaudela azaldu dute Eskisabelek eta Torrek agerraldian, esaterako "gibelean dugun Euskal Museo honetako eduki eta paisaia linguistikoan euskara lehenestea"
Euskara larrialdi linguistikoan dela ohartarazi dute, eta datu batzuk eman dituzte hori baieztatzeko, hala nola, 2021ean Ipar euskal herritarren %20 inguru zela euskalduna baina 2050ean %16ra apaltzeko arriskuan dagoela, Euskararen Erakunde Publikoaren arabera.
Ofizialtasuna beharrezkotzat jo dute bi erakundeok, "berdintasunerako gutxieneko zorua" lortzeko, eta Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea ere ezinbesteko jo dute, orain arteko oztopoak gainditzeko. Bestalde, diru baliabideak eta hizkuntza politika "eraginkorra" eskatu dituzte, Euskararen Erakunde Publikoak jasandako aurrekontu murrizketa tarteko.
Zentzu horretan berehala indarrean jar daitezkeen neurriak badaudela azaldu dute Eskisabelek eta Torrek agerraldian, esaterako "gibelean dugun Euskal Museo honetako eduki eta paisaia linguistikoan euskara lehenestea".
1545ean Etxeparek Bordelen inprimaturiko obrak jarraitzen du, hortaz, jarraitzen du baliotsu izaten euskararen aldeko mezua zabaltzeko: abenduaren 27an Bilbon egingo den Pizkundea ekitaldian parte hartzeko deia luzatzeko baliatu dute abagunea. Sarrerak eta informazio guztia pizkundea.eus webgunean aurkitu daitezke.