argia.eus
INPRIMATU
Etxeko langileen lan-prekarietatea handitu da pandemia garaian
Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 08a
Argazkia: ATH-ELE

Etxeko Langileen Elkarteak elkarrizketatutako ia %98 emakumeak izan dira, %65 kanpo langileak eta %43 barne langileak. Barne langileen %31k ez du alta emanda gizarte-segurantzan, egoera irregularrean baitaude. 2017tik 2019ra portzentaia ia 15 puntu igo zen, eta 2020an beste 0,40 puntu gehiago igo da. Kanpo langileen kasuan, %14 egoera irregularrean dago, 2019. urtean baino ia 2 puntu gehiago.

Elkarrizketatutako barne langileen %96k ez dute lanorduengatik dagokion gutxieneko soldata kobratzen. 2020an, lehen 40 orduengatik 1.108,33 euro zen soldata eta hortik aurrera egindako ordu bakoitzarengatik 7,43 euro. %2,3k 800 euro baino gutxiagoko soldata jasotzen du. Beraz, aste barruan etxeetan egoiliar moduan lan egiten duten langileek ez dute dagokien soldata kobratzen egiten dituzten lanorduak kontuan hartuta. Bestalde, asteko 40 orduak baino gehiago egiten dituzte askok, 60 ordutik gora ere bai. Egoera administratibo irregularrean dauden langileen kasuan, %83k egiten ditu 60 ordu baino gehiago astean.

Atsedenaldiei dagokienez, langileen %26,1ak astean zehar etxetik ateratzeko aukerarik ez du. %25ak bi ordu baino gehiagoko atsedena egin dezake eta %45,7k bi orduko atsedena du egunero.