Brasilgo Auzitegi Gorenak eman du sententziaren berri, Bolsonaro oraindik Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo egungo presidentea pozoitu eta Alexandre de Moraes epailea hil nahi izateagatik epaitzen ari diren bitartean. Sare sozialik erabili ezin zuenean, presidente ohiaren seme Flavio Bolsonarok hark bidalitako mezu bat erakutsi zuen aitaren alde azken asteetan Brasilen eginiko manifestazioetako batean. Bolsonaroren aurka hartutako neurrien harira, Donald Trump AEBetako presidenteak %50eko muga zergak ipintzearekin mehatxu egin dio Brasilgo Gobernuari.
Brasilgo presidente ohi Jair Bolsonarori (2019-2023) etxeko atxiloaldia ezarri dio herrialdeko Auzitegi Gorenak, 2023an Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidentearen aurkako estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik –2023ko urtarrilaren 8an Bolsonaroren mila jarraitzaile inguru Brasilgo Kongresuan eta Auzitegi Gorenaren eraikinean sartu ziren–. Poliziak haren aurka jarritako salaketa bat aztertu ondoren, Brasilgo fiskaltzak otsailean "botere autoritarioa oinarri zuen erakunde kriminal bat" zuzentzea egotzi zion Bolsonarori, 2022ko presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak zalantzan jarri eta botereari eutsi nahi izateagatik.
Uztailaren 18an Auzitegi Goreneko epaile Alexandre de Moraesek hainbat neurri ezarri zizkion Brasilgo presidente ohiari: ihes egiteko arriskuarengatik gailu elektroniko bat jarri zioten orkatilan; atzerriko ordezkariekin ezin zuen harremanik izan; gauean etxera itzuli behar zuen; azkenik, sare sozialetan ezin zuen mezurik argitaratu. Azken neurri hori urratzeagatik eta Lula presidentearen aurkako estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik ezarri dio Auzitegi Gorenak etxeko atxiloaldia. Etxean atxilo dagoen bitartean, soilik abokatuekin izango du harremana Bolsonarok. Gainera, epaileak ezarritako neurriren bat urratuz gero, espetxeratu egingo dute.
De Moraes epailearen arabera, presidente ohiak sare sozialak Auzitegi Gorenaren aurkako erasoak bultzatzeko erabili ditu, baita Brasilen "atzerriko herrialdeen esku hartzearen" alde egiteko ere. Izan ere, haren alde azken asteetan Brasilen eginiko manifestazioetako batean, Bolsonaroren semeetako batek, Flavio Bolsonaro senatariak, presidente ohiak telefono bidez bidalitako mezu bat erakutsi zuen: mezu horretan, Lula-ren aurkako estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik auzipetutako pertsona guztiak –33 lagun guztira, hainbat militar eta Bolsonaroren gobernuko zenbait ministro tartean– aske uztea aldarrikatu zuen.
Trumpen atzaparrak
Brasilgo Gobernuaren buru zela, aliatu estua izan zuen Bolsonarok Donald Trump AEBetako presidentea. Bada, presidente ohiaren aurka duela bi aste hartutako neurrien harira, Etxe Zuriko maizterrak %50eko muga zergak ipintzearekin mehatxu egin zion Lula-ri, orain arte herrialde baten aurka proposatu duen muga zergen ehuneko altuena. Halere, asteazkenen indarrean sartzekoak diren muga zergak negoziatzeko prest agertu zen Trump joan den astean, baina oraindik ez da bildu Brasilgo presidentearekin.