argia.eus
INPRIMATU
Etxejabeei zerga-onurak eman nahi dizkie Jaurlaritzak, pisuak merkeago alokatu ditzaten
  • Jaurlaritzak etxejabeei abantaila fiskalak emateko asmoa dauka, pisuak batez besteko preziotik behera alokatzen badituzte. Hala jaso du Iñaki Arriola (PSE-EE) buru duen Etxebizitza alorreko sailak Lakuako gobernu-kontseilura eraman duen proposamenak.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 26a

Nolanahi ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zergen konpetentzia Foru Aldundien esku dagoenez, hiru erakunde probintzialak eta Jaurlaritza batzen dituen EAEko Zerga Koordinazioarako Organoak eman beharko dio egitasmo honi azken ukitua.

ElDiario.es-ek argitaratu duenaren arabera, alokairuaren prezioaren araberako eskala progresibo bat ezarriko da, hartara batez bestekotik beherako prezioan alokatzen duten etxejabeei zerga-onurak emateko eta, aldiz, lerro horretatik gora kobratzen dutenek onura publiko hori eduki ez dezaten.

67.083 familia daude gaur egun Etxebiden izena emanda eta horietatik %80k alokairuko pisuan bizi nahi dute. Hori eskatzen dutenen artean %70 dagoeneko alokairuan bizi dira, baina merkatuko prezioetan, zeinak dagoeneko 2007ko krisiaren aurreko mailaren gainetik dauden. Gainera 41.000 familiak jasotzen dituzte laguntza publikoak alokairua pagatu ahal izateko.

Arriolaren proposamenak muga jarriko lioke etxea alokairuan hartzeagatik dagoen zerga-kenkariari ere. Izan ere, egun %20ko beherapena egiten zaio edozein alokatzaileri, diru-sarreren araberako desberdintasunik gabe.