argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetze bat geldiarazi dute Iruñeko Buztintxuri auzoan
  • Asteazken honetako 8:30etan jendetza bildu da Iruñeko Buztintxuri auzoko etxegabetze bat geldiarazteko. Carolina eta bere bi seme-alaba adingabeak bizi dira bertan. Azkenean familia ez dute kanporatu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 22a
Argazkia: @Haritu_sarea

Haritu Elkartasun Sareak deitu du defentsa bilkura, eta goizean goizetik ehunka lagun elkartu dira etxearen aurrean agente judiziala eta poliziaren zain. Carolinak etxeko atarian jarri zuen idazki bat adieraziz bere familia bizi dela han eta agiri judizialik gabe etxera ezin dela inor sartu.

Azkenean, ordea, ez da inor hurbildu etxegabetzea gauzatzera, eta familia eta haren defentsan bildu direnak pozarren agertu dira. Elkarretaratzea deitu duen Haritutik adierazi dutenez, ordea, auzi hau ez da hemen amaitu, eta adi ibili beharko dute hurrengo etxegabetze saioaren aurrean.

Harituko ordezkari batek hedabideei azaldu dienez, gaurko prozedura judiziala ez zen egokia, etxegabetxea “hirugarren pertsona baten aurkakoa zelako” eta “ez zelako onartzen etxe honetan Carolina eta bi adingabe bizi direla”. Ordezkariak adierazi du, saiatzen ari direla familiarentzat etxebizitza lortzen, bai orain dauden tokian, bai besteren batean: “Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak diote ez dutela etxerik, baina Nafarroan 25.000 etxe huts daude”.

Ordezkariak salatu du, halaber, aurrez aurreko blokean Tesla funtsak beste lau ataritako etxebizitzak dituela, eta ingurukoetan gehiago. Funts honek 2008ko krisiaren ondoren izaera publikoa zuten etxe ugari eskuratu zituen Iruñerrian, eta denborarekin bertan bizi direnei alokairua igo die eta ondoren etxegabetze arazo ugari ematen ari dira.

Ahotsa.info-ren ondoko txioan ikus daiteke mobilizaziora bertaratukoen poza, etxegabetzea ez zela emango jakin dutenean.

 

Etxebizitzatik ere poza agertu dute eta eskerrona adierazi diete haien defentsan bertaratutakoei.

 

 

 

Argazkia: @haritu_sarea