argia.eus
INPRIMATU
Etxegabeen kopurua Donostian hazi da gehien, EAEn
  • Kalean lo egiten duen jendea zenbatu dute eta ondorioa garbia da: azken urteetan etxegabeen kopuruak gora egin du EAEn. Haientzako baliabide gehiago eskatu ditu SOS Arrazakeriak, “gizarte-erakundeok ez gara iristen erakundeei legokiekeena kubritzera”.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 26a
Argazkia: Arrelsfundacio

EAEko 23 udalerritan kalean lotan ari ziren pertsonak zenbatu zituzten urrian, Kale Gorrian ekimenaren barruan. 2018ko datuekin alderatuta, 132 pertsona gehiago aurkitu dituzte kalean lotan eta igoerarik handiena Donostian eman da, bai kopuru absolutuetan (2018ko 101 pertsonetatik egungo 220etara), bai 1.000 biztanleko tasari erreparatuz gero (bigarren udalerriaren, Bilboren, oso aurretik). Aterpetxeetan edo beste baliabide batzuetan ostatu hartzen dutenak ez dituzte zenbaketa horretan kontuan hartu, nabarmendu du SOS Arrazakeriak.

Kale gorrian bizi direnek laguntza behar dutela azpimarratu du elkarteak, eta gizarte erakundeak, lan handia egin arren, beharren atzetik doazela. Udal, foru eta Jaurlaritzaren aurrekontuetan aparteko partidak sartzeko eskatu dute SOSetik, “gaur egun etxerik gabe dauden pertsona guztien oinarrizko beharrei erantzuteko beharrekoak diren baliabideak gaitu ditzaten”.

Donostiako Udalarentzat ere badute mezurik: neguko gau guztietan Sirena irekita mantendu dezala eskatu dute, hotz-lokal gisa erabili dadin.

Ezin dira “alde batera utzi gizarteko gainerako pertsonen eskubide berberak dituzten pertsona horiek”.