Etxerik ez duen jendea aterpetzeko egoitzak zabaldu dituzte Angelun eta Hendaian. Biarritzen eta Baionan lehenago zabaldu zituzten. Donibane Lohizuneko eraikina hartu zuten eredu bezaala, azken hau osasun krisi garaia baino lehenago funtzionamenduan jarrita baitzen.
Ipar Euskal Herriko etxegabetu gehienak Lapurdiko hirietan biltzen dira. Covid-19 gaixotasuna iritsi aitzinetik bazeuden hainbat eraikin, alabaina, krisiak herriko etxeak, gizarte zerbitzuak eta Atherbea elkartea azkar mobilizatzera pusatu ditu.
Etxerik gabeko 26 pertsonarentzat atondu den azken aterpea Angelukoa da. Euskal Elkargoak La Nuit izeneko etxea egokitu du, kanpoaldean hamar oihal-etxe ezarri behar izan dituzte, egoiliarrak banaka edo binaka konfinatu ahal izateko.
Donibane Lohizuneko Haize Errota auzoan urtarrilean zabaldu zen aterpea erreferentea izan da: guztira, zortzi ohe, sukalde bat eta hainbat komun apailatu dituzte. Ondoren, Biarritzeko Notary gimnasioa eta Baionako Lauga kiroldegia egokitu zituzten instituzio eta elkarteek. Martxoaren 24az geroztik, hurrenez hurren, 20 eta 40 pertsonari eskaintzen zaie zerbitzua.
Hendaian ere apirilaren 4an gisa horretako aterpe bat ireki zuten, hamabost lekurekin. Dagoeneko, dispositibo honek 250 pertsonari laguntza ekartzen die.
Angeluko eraikina 2017tik erabili ohi da, baina osasun krisiaren ondorioz, hamasei leku eskaintzetik hamar gehiagora iragan da. Herriko Etxeak bere gain hartu du proiektuaren kostua, 23.000 euro erabili ditu horretarako. Edonola ere, herri elkarteen iritziz, bada zer hobetua garbiketa eta desinfekzioei dagokienez.
Frantziako hiri nagusietan ez bezala, Parisen barne, Ipar Euskal Herrian ez da orainokoan hotelak baliatzeko beharrik izan. Hala ere, osasun krisia hasi zenetik, badaezpada, 50 hotelekin harremanetan jarri izan da Atherbea elkartea.