Hitzok Jaime Palomera Bartzelonako Sindicat de Llogaters-eko kidearenak dira. Maiatzaren 9ra arte, alarma egoera amaitu arte, indarrean egongo den dekretuak etxebizitzen jabe handien eta higiezinen agentzien alde egingo duela adierazi du sindikatuak.
Eldiario.es egunkariak maiatzera arte iraungo duen dekretuaren mamia aztertu du Bartzelonako Sindicat de Llogaterseko kide Jaime Palomeraren bidez. Etxegabetzeen aurkako dekretu berriak merkatuko prezioan konpentsazioak ezartzen dizkie etxe okupatuak izan eta bertan bizi direnak atera ezingo dituzten jabe handiei. Espainiako Estatuak inguru horretako alokairuaren prezioa ordaintzeaz gain, jabeak bere gain hartu dituen gastu arruntak barne hartuko ditu. Ez ordaintzeagatiko etxegabetzeen kasuan, kontratua badago, Estatuak bere gain hartuko ditu gastu arruntak, baina hileko errenta hartuko du erreferentziatzat, eta ez merkatuko prezioa. Llogaters sindikatuak eta gobernuko kide minoritario den Unidas Podemosek "ezkutuko erreskatetzat" jo dute dekretua, batez ere funtsei eta bankuei mesede egiten dieten konpentsazioak direlako.
Espainiako Estatuko Ministroen Kontseiluak dekretu berria abenduaren 23an onartu zuen. Neurriak etxegabetzeak burura eramatea eta etxebizitza alternatibarik ez duten familiek beharrezkoak dituzten hornidurak moztea debekatzen du, hala nola, argia, ura eta gasa. Ministroen Kontseiluak jakinarazi zuen lege hau alarma egoera amaitu arte, maiatzaren 9ra arte, ezarrita egongo dela. Horrela, "ezohikoa" den momentu batean hartutako neurria dela azpimarratu nahi izan zuten.
Arauari hiru hilabeteko epea aurreikusi diote. Honela, kontratua duten maizterrek eskaera aurkeztu beharko dute epaitegian, eta gizarte-zerbitzuek erabakiko dute egoera zaurgarrian dauden ala ez. Etxe jabeek (hamar etxebizitza baino gehiago dituztenek, zeren hortik beherakoen kasuan etxegabetzeek aurrera jarraituko dute) konpentsazioa eskatzeko eskubidea izango dute, baldin eta gizarte-zerbitzuek epaileari aurkeztutako txostenean kaltetutakoen urritasun ekonomikoa egiaztatzen bada.
Jaime Palomerak lege berria salatu du bere twitter kontuan, egungo neurriaren bidez etxe jabe handiek etekinak aterako dituztela jakinarazteko: "Etxegabetzeen aurkako legeak errentatzaileei hori gabe irabaziko ez luketen dirua irabaztea ahalbidetzen die. Estatuari exijitu ahal izango diote hilero merkatuko prezioan ordaintzeko OHZ bezalako gastu arruntak".
Esto de La Razón es el mundo al revés. La noticia es que la ley antidesahucios permite que los arrendadores ganen un dinero que no hubieran ganado sin ella. Podrán exigir al Estado que les pague todos los meses a precio de mercado, más gastos corrientes como el IBI. pic.twitter.com/wUWnurIIsO
— Jaime Palomera Zaidel (@JaimePalomera) December 23, 2020