Montehermoso kulturunean egiten ari dira erakusketa, eta urtarrilaren 28ra arte egongo da irekita. Antolatzaileek adierazi dute erakusketan hausnarketa egitea dutela helburu, eta aztergai izango dituzte kontzeptuok: lurraldea, bizitokia, jabetza eta komunitatea.
Bizi-toki arte erakusketa egiten ari dira Gasteizko Montehermoso kulturuneko lehen solairuan, etxebizitzaren auziaren inguruan. Abenduaren 14ean zabaldu zituzten ateak, eta urtarrilaren 28ra arte izango da joateko aukera. Proiektua elkarlanean egin dute Haaly Pular elkarteko kideek eta zenbait artistak, eta hainbat ekitaldi eskainiko dituzte. Bertaratu nahi dutenek asteartetik larunbatera goizez 11:00etatik 14:00etara izango dute joateko aukera, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan, ordea, 11:00etatik 14:00etara izango da ikusgai.
Gasteizko Udaleko Garapenerako Laguntzeko Zerbitzuak antolatu du ekimena Montehermoso Kulturunearekin batera. Adierazi dutenez, hausnarketa egingo dute lurralde, bizitoki, jabetza eta komunitate kontzeptuen inguruan: “Etxebizitza duinik ez izatea mundu zabalean hedatzen ari den arazoa da, batez ere klase sozial baztertu eta diskriminatuenei eragiten dien arazoa”. Egoera horri heldu nahi diote antolatzaileek, eta aztergai izango dituzte, besteak beste, jabetzaren banaketaren egitura klasisten eta kolonialen sustraiak eta herriei lurrak kendu eta beren etxeetatik kanporatzea eragiten duten gatazkak.
Haaly Pular elkartearekin elkarlanean, erakusketa koordinatzeaz arduratuko da ARGIAko kolaboratzaile eta artista Shukare Otero, Amagoia Murua artistarekin batera. Beste hainbat artistek ere parte hartu dute proiektuan: Sofía Velasco, Amaiur Macías, Petra Muguruza, Styles Osunde, Matixa Otero, Lola Arrayanne, Ritha Thende Mingomba, Mel Ondo, Garaion Sorgingunea eta Soumaya Eddimokrati.
Erakusketaz gain, jarduera osagarriak eskainiko dituzte. Urtarrilaren 25ean, 18:30etan dokumental bat emango dute Ortuño aretoan, eta ondoren hitzaldi bat eskainiko dute Gineako Pular herrietako hustuketen arazoaren inguruan.