Udalak iruzur egin diela salatu dute Llano eta Lutxana auzoetako bizilagunek, zuhaitzak mantenduko zituztela sinetsarazi ziela, baina 600 etxebizitza pribatu egiteko 40 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte. Ez dute baztertzen epaitegietara jotzea.
“Lutxanak ez du ahazten, ez barkatzen” lelopean, zuhaiztien aurkako ekintza salatzeko sinadurak biltzen ari dira herritarrak. EAJ-PSE koalizioak osaturiko udal gobernuak engainatu dituela diote eta haserre daude: “Diru publikoarekin dozenaka zuhaitz hil dituzte”.
Ekintza ez dutela “pasatzen utzi nahi” eta epaitegietara joateko aukera mahai gainean dutela adierazi dute.
Klima larrialdi egoeran, Lutxanak “adreiluzko politika zaharra” aplikatzen duela kritikatu dute, Ekologistak Martxan taldeak jaso duenez.