argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza sozialen esparruko erabaki guneetara sartzeko erronkari lotu zaio Alda mugimendua
  • Lau urte guztiz egiten dira hauteskundeak eta aurkezteko hautua egin du etxebizitza eskubidearen alde borrokan dabilen Alda mugimenduak. Kideek azaldu dutenari segi, "hainbat batzorde, instantzia eta informazio iturrietarako sarbidea" ekarriko lieke egitura horietan egoteak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko azaroaren 18a
Alda-ren hautagaitza aurkezteko prentsaurrekoa, Baionan (Argazkia: Alda)

2020ko udazkenean sortu zuten Alda mugimendua langile auzoaldetako herritarren behar eta nahiei erantzuteko, baina laster zentratu ziren etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan, beharra horretan sendi zutelako. Bakarrik bi urte baldin baditu ere, izena eta izana badauzka Alda-k. Orain arte, karrikara ateraz, ekintza bidez edota herritarrak banan-banan lagunduz –357 herritar edo familia 2022an– aritu bada etxebizitza eskubidearen alde lanean, urrats bat gehiago eman berri du: etxebizitza sozialen esparruko hauteskundeetarako bere hautagaitza pausaturik du.

Alokairu apaleko bizitokien esparrua bideratzen duten egituren administrazio kontseiluetan sartzea du xede, horri esker "hainbat batzorde, instantzia eta informazio iturrietarako sarbidea" lortuko lukeelako. Horrez gain, ordezkaritza lortzeak hainbat erabakitan eragiteko aukera emanen lioke –erakundearen alokairu-politikan; egituraren aurrekontuaren eta kontuen onespenean; eraikuntza eta errehabilitazio programetan; etxebizitzak esleitzeko politikan ala beste.

Ipar Euskal Herriko etxebizitza sozial kasik guziak dira HSA Habitat Sud Atlantic –6.822 bizitoki– eta Office 64 –6.842 bizitoki– egituren esku eta bi horietan aurkeztu ditu Alda-k hautagaitzak (hamar HSAn, beste zortzi Office 64n, baita hautagai bat Frantziako Estatuko CDC Habitat erakunderako ere). Parte-hartze apala izan ohi da bozketa horietan, demagun aitzineko hauteskundeetan %20,93koa izan zen departamendu mailan HSAn eta %17,02koa Office 64n. Ikusteke dago Alda-k aktiboki eramandako kanpainak tendentzia aldatuko duen edo ez. Office 64 egiturakoek abenduaren 5 arte dute bozkatzeko aukera, eta HSAkoek abenduaren 4ra arte.

Ipar Euskal Herriko soldaten heina kontuan harturik, biztanlegoaren bi herenak baluke etxebizitza soziala eskuratzeko eskubidea, baina ez da inolaz ere eskaintza bermatua. Etxebizitza sozialak eskas dira: 11.000 eskaeraz gora bideratzen dira urtero Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta bataz beste 22 hilabete igurikatu behar dira abantailazko aterpea eskuratzeko. 6,5 eskaeretatik bakarrak lortzen du bide horretatik aterpea.

Zehazki, 21 neurrik osatzen dute Alda-k landu programa. Besteak beste,  egoera txarrean diren bizitegiak konpontzea; etxebizitzak hobeto isolatzea "behar ekologiko eta ekonomiko bat badelako"; bizitegiak bideratzerakoan "justizia, gardentasun eta eraginkortasun gehiago" garatzea; biziaren garestitzea dela eta prekaritateari aurre egiteko laguntza sozialak emendatzea; eta abar. Baina etxebizitzaz harago, ingurunea ere kontuan hartzen du eta hurbileko denda txikiak zein zerbitzuak eskainiko lituzkeen auzoak edo herriak nahi ditu, "etzatoki izan beharrean, bizitoki izango diren auzoak eta herriak bermatzeko".

Hitzaldia astelehenean, Ruffinekin besteak beste

Kanpainan dira bete-betean eta karia horretara eskainiko dute hitzaldia azaroaren 21ean Baionan, Cécile Duflot –Etxebizitza ministro izandakoa Frantziako Estatuan–, François Ruffin –diputatu ezkertiarra eta kazetaria–, Sarah Coupechoux –etxebizitza eskubidearen alde dabilen Abbé Pierre Fundaziokoa– eta Jean-Baptiste Eyraud –DAL Etxebizitza Eskubidea taldekoa– hizlariekin. Militante ezagunak dira guztiak eta jendetza aurreikusi daiteke. Hori horrela, izena ematea gomendatzen dute, bit.ly/conference-urgence-logement loturan izena emanez.