Bigarren urtez jarraian Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "jota aldarrikatzailea" abestu du uztailaren 7an, sanferminetako prozesioan, balkoi batetik. 2024an "elkarbizitzaren ideia faltsuari eta turismoaren negozioaren ondorioei" abestu zieten.
Etxebizitza sindikatuak abestutako jota Joaquín Madurga musikagileak konposatutako sanferminentzako jota-ren bertsioa da. Urtero abesten da Kontseiluko Plazan, baina 100 metrotara bertsio aldarrikatzailea abestu du Etxebizitza Sindikatuak balkoitik zintzilik zegoen hurrengo leloarekin: Udala, epaileak eta polizia, etxebizitzaren negozioaren lekaioak.
Jarduera honen helburua Iruñean azkenaldian egon diren etxegabetzeak salatu nahi dituzte. Bereziki nabarmendu dute "ekainean Alde Zaharrean inolako jakinarazpenik gabe eta maizterren defentsarako eskubidea guztiz urratuz exekutatutako bi etxegabetzeak".
Hauxe da letra, euskarara ekarrita:
Lotzen zaituen toga da, gaur zure etxegabetzearen epaia ematen duena
Poliziaren bota da, abisurik gabe etxetik botatzen zaituena
Udal txit goren honen oharra da, gezurra esan edo isiltzen dena
Horiek denek elkarlanean jarduten dute, betikoek dirua egin dezaten
Geure buruak defendatu eta antolatzea, gaur borroka da behar dena!
Oztopoak prestaketan
Jota egiteko prestaketa lanak egiten ari zirela, Etxebizitza Sindikatuaren arabera, udaltzainak pisura sartzen saiatu dira eta bi pertsona identifikatu dituzte, "ezin dela jota aldarrikatzailerik kantatu" esanez. Gertakari horrek "instituzioetatik at antolatzen diren antolakunde politikoak kriminalizatzeko" joera ageria geratzen dela salatu du Etxebizitza Sindikatuak.
Bide judizial eta instituzionaletik haratago "antolatu eta borrokatzearen garrantzia" azpimarratu dute, eta epaitegiek, Poliziak eta instituzio publikoek "etxebizitzaren negozioaren menera" jarduten dutela adierazi.