argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza larrialdiaren aurrean administrazio publikoak daukan jarrera salatzeko ekintza egin dute Gasteizko Alokabiden
  • Gasteizen Inor Ez Kale Gorrian herri ekimeneko kideek protesta egin dute Alokabiden. Polizia pribatuak ez die sartzen utzi eta lokala itxi du pertsiana jaitsita. Pobrezia eta prekarietatea handitzen ari diren garaian, egoera konpondu ordez administrazioak arazoan sakontzen ari direla salatu dute.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 10
Gasteizen Inor Ez Etxerik Gabe mugimeduko kideak, polizia pribatua Alokabideren pretsiana jaisten ari den unean. Argazkia: ARGIA

Azaroaren 10 eguerdian egin dute protesta Inor Ez Kale Gorrianeko kideek, Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Gamarra atarian duen egoitzan. Protesta lokalaren barruan egiteko asmoa zuten, baina harrerako polizia pribatuak laster eragotzi die sarrera, tentsio une batzuen ondoren atea giltzaz itxiz, eta azkenik pertsiana jaitsiz. Alokabide itxita geratu da, hortaz.

Kanpoaldean, ekimeneko kide Maialen Sáez de Ocáriz Ruiz de Sabandok adierazpenak egin ditu. “Administrazio publikoek etxebizitza larrialdiaren aurrean duten jarrera arduragabea salatzera etorri gara, baina ikusten duzuenez ez digute sartzen ere utzi”, salatu du Sáez de Ocárizek. Azaldu du osasun krisiaren aurretik jada bazterkeriaren aurkako mugimenduek salatzen zutela etxebizitza larrialdi egoera, eta azken hilabeteetan egoerak okerrera egin duela. Azaldu duenez, alokairuek gora egin dute, hipotekak mantendu, eta, aldi berean, langabeziak eta prekaritateak gora egin dute.

Egoera horren aurrean, “administrazio publikoek konponbideak jarri ordez, arazoa larriagotu egin" dutela salatu du Sáez de Ocárizek. Adibide bezala, gogoratu du uda aurreko konfinamendu garaian Gasteizko Udalak 500 etxebizitza publiko saldu zizkiola Castella funts putreari.

Donostiako Infernua eta Gasteizko Olarizu

Sáez de Ocárizek Olarizuko bizilagunen kaleratze prozedura azkartzeko Gasteizko Udalak hartutako erabakia kritikatu du. Dena den, arazoa ez dela soilik Gasteiz mailakoa adierazi du, iragan astean Donostiako Udalak Infernuko bizilagunak kaleratu dituela gogoratuz. Amaitzeko, larunbat eguerdian Olarizuko bizilagunei elkartasuna adierazteko antolatu den kontzentrazio zaratatsura deitu ditu herritarrak